CL taldeak Corrugados enpresaren jarduera berraktibatzeari uko egin diola jakin ondoren, Azpeitiko EAJk honako hau adierazi nahi du:
1.- Albiste txarra da azpeitiarrentzat, eta krisialdi ekonomiko batean, udalerrian jarduera ekonomikoa eta kalitatezko lanpostua sortzeko aukera galdua.
2.- Azken udalbatzarrean, eta behin baino gehiagotan, alkateak ukatu egin zuen proiektu baten existentziaren berri izatea. Astelehenean jakin zen albisteak agerian uzten du bere argudioak faltsuak direla, eta ez duela gaitasunik udalerrian aberastasuna eta oparotasuna sortzeko ekimenak bideratzeko. Eta gainera, ahal dituen traba guztiak jarri ditu bere bideragarritasuna oztopatzeko.
3.- Udalean erakunde arteko batzorde bat martxan jartzea eskatu zuen EAJk azken osoko bilkuran, Corrugados berriro zabaltzeko egon daitezkeen gai legal eta tekniko guztiak ebazteko. Alkatearen itxikeriak eta Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin modu koordinatuan lanean aritzeari eman dion ezetzak garbi uzten du proiektuaren alde egiteko asmorik ez duela. Alkateak eta ezker abertzaleak ez dute Corrugados Azpeitian nahi; ez dute Corrugados berriro irekitzea posible dela ondorioztatzen duen legezko txostenik nahi eta ez dute beste erakundeekin lan egin nahi izan. Beste behin ere, herriaren etorkizunaren alde apustu egiten duten industria proiektuei bizkarra ematea erabaki du ezker abertzaleak.
4.- EAJk duen dokumentazio guztia azpeitiarrei eskura jarriko du, eta dokumentazio horrek zehazten du gardentasunez eta modu eskuragarrian, legezkoa eta posible zela Corrugados irekitzea, udalak denbora guzti honetan esan dituen gezur guztiak desmuntatuz.