Jaietan faltatu ezin zuen moduan, abuztuaren 1ean goizean goiz ere Izarraitz txistulari taldekoek diana jo zuten Alde Zaharreko kaleetan. Baina ez zen ohiko eguna, Jose Mari Sagarzazuk, taldearen sortzaileetako batek, azken diana zuen. 43 urte ondoren, azkena.
Bederatzi eta erdiak aldera, diana amaitzear, plazara iristean, bazuen sorpresa zain Sagarzazuk: EAJren izenean omenalditxoa egin zioten. Ohiturak mantentzea eta konpromisoak hartzea horren zaila diren garai hauetan, 43 urtez fin-fin hutsik gabe txistuarekin Azpeitia alaitu izana eskertu nahi izan dio alderdiak.
Sagarzazuk berak pozez hartu zuen eskertza. Gainera, zuzenean Imanol Pradales lehendakariaren, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren, Mikel Jauregir Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuaren eta Jabier Altuna Azpeitiko bozeramaile eta zinegotziaren eskutik jaso zuen.
EAJk Sagarzazuk egindako lana eta azpeitiarrei eskainitako denbora zein konpromisoa azpimarratu nahi izan ditu eskaini dioten oroigarritxoan; ekitaldirako, gainera, agintariak herriko mplazara, udaletxe aurrera, etorrita; herritar guztien etxea den eraikinera.
Ekitaldian bertan izan dira, agintariez gain, Izarraitz txistulari taldeko kideak, Sagarzazuren senideak eta lagunak, ikusmiran gerturatutako zenbait herritar eta EAJren zinegotzi guztiak: Antonio Gallarin, Nerea Aldai, Jokin Badiola, Edurne Enparan, Hegoa Larzabal eta Alex Silva.
Zenbait herritarrek unea aprobetxatu dute Imanol Pradales Lehendakaria eta Eider Mendoza Ahaldun Nagusia agurtzeko eta babesa helarazteko Loiolako ekitaldi ofizialaren aurretik.
(Argazkiak: Azpeitiko EAJ (E.A. eta MJ.A.))