Alebinen larunbateko jardunaldiarekin hartuko ditu Eskola Kirolak Aste Santuko oporrak

Azpeitiko Eskola Kiroleko jardunaldi bateko irudia. (Eskola Kirola)

LH5eko eta LH6ko ikasleek futboleko jardunaldia egingo dute bihar eta, horren ostean, Aste Santuko oporrak hasiko dituzte Eskola Kirolean.

Pasa den larunbateko Trail Martxa Urdina arrakastatsuaren ondoren, Aste Santuaren atarian dago Eskola Kirola. Martxa horren argazki eta erreportajeak ikus daitezke Gukan eta Marea Urdinaren argazkietan nahiz bideoan.

Bihar Eskola Kiroleko hitzordua izango dute LH5eko eta LH6ko ikasleek. Futboleko hirugarren eta azken jardunaldia izango dute eta, aurrekoetan bezala, Azpeitiko eta Azkoitiko zelai artifizialetan jokatuko dituzte partidak.

Azpeitikoen kasuan, Lagun Onak futbol taldekoak izango dira epaile lanak egingo dituztenak. Web orrian aurki daiteke jardunaldia osorik eta sailkapenak eguneratuta.

Hitzordu honen ostean hartuko dituzte ikasleek Aste Santuko oporrak. Itzuleran, berriz, azken bi jardunaldiak soilik geldituko zaizkie multikirol programako ikasleei: maiatzaren 17an Azkoitian egingo den duatloia eta maiatzaren 24an kiroldegian egingo den Eskola Kirola Festa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide