Izotz pistan egindako txikizioak salatu ditu Bertanek

Larunbat gauean zein bart izotz pistan puskaketak egin dituzte. Dena den, aurreikusi bezala, izotz pistaren ateak zabaltzen jarraituko du Bertanek.

Azpeitiko Bertan merkatarien elkarteak bultzatuta, aurten Gabonak ospatzeko eta herriko merkataritza sustatzeko asmoz, herritar guztien gozamenerako izotz pista jarri dute Done Jakue kalean. Izotz pista ilusioz eta herritar guztiei zuzendutako ekintza gisa pentsatu zen, eta oro har, harrera oso ona izan du, bai haur, gazte zein helduen artean.

Hala ere, azken egunetan gertatu diren zenbait ekintzak antolatzaileen poza zapuztu du. Izan ere, haiek azaldu dutenez, ezin dira onartu larunbat gauean eta bart gauean izotz pistaren inguruan egindako txikizioak. Instalazioetan kalteak eragin dituzte, eta jarrera arduragabeek izotz pistaren helburua eta espiritua zapuztu dituzte.

Izotz pista guztion gozamenerako jarri zen, eta halako ekintzek herri osoari kalte egiten diote. Horrelako proiektuek gure herriaren elkartasuna eta ardura kolektiboa behar dituzte aurrera egiteko, eta mota honetako jokaerek ez dute lekurik.

Herritarrei deia egiten die Bertanek elkartasunez eta errespetuz jokatzeko, ekintza babesteko eta denen artean halako gertakariak saihesteko. Era berean, egin diren kalteak salatu eta erantzukizunak argitzeko neurriak hartuko direla adierazi du elkarteak.

Azpeitiko merkatarien elkarteak herriaren alde lan egiten jarraituko du, baina horretarako guztien laguntza eta babesa beharrezkoak direla nabarmendu dute.

Izotz pistak orain arte bezala jarraituko du zabalik, egunero, 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide