Tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin, Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak Stock Azoka antolatu du aurten ere. Hala, ostiral arratsaldean eta larunbatean goizez eta arratsaldez, herriko hainbat puntutan stock postuak aurkitu ahal izango dira; hau da, denboraldiz kanpoko produktuak ohi baino prezio merkeagoan eskainiko dituzte herriko merkatariek.
Guztira, 37 saltokik parte hartuko dute Stock Azokan. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da; han, bederatzi postu aurkitu ahal izango dira, honako denda hauenak: Mima, Ubbo, Martina Isasti, Jostaldi, Urbistondo, Sein briko, Ilargi, Larrañaga kirolak eta Aitzaki kirolak.
Horiez gain, beste 28 saltoki hauek beren dendaren aurrean kokatuko dute postua: Adi optika, Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Kukua, Mebi estudioa, Odriozola farmazia, Babesa, Biur, Romaes, Disdira, Arku, Esnaola, Tilin Talan, Furundarena, Geu, Iosu optika, Mina mertzeria, Arrospide, Artetxe-Bastida, Kaïoa, Koket, Kotoi, Ordulari, Ostadar optika, Ufito, Zume eta Zuri-Beltz.
Ostiral arratsaldean hasiko da Stock Azoka; 16:00tatik 20:00etara zabalduko dituzte dendak. Larunbatean, berriz, goizez eta arratsaldez egongo dira postuak zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.
Azoka girotzeko, Berti, Bertan elkarteko maskota herriko kaleetan barrena ibiliko da, egitasmoaren berri emanez. Beste hainbat dinamizazio ekintza ere egingo dituzte: ostiralean, azokan eginiko lehen erosketetan, Sanagustin eta Pastorkua tabernetan erabili ahal izango diren pintxoa doan baleak banatuko dituzte; larunbatean, 12:00etan, trikitilariak ibiliko dira kaleak alaitzen, eta, aldi berean, plazan, 3 eta 10 urte arteko haurrei zuzenduriko ingelesezko antzerkia eskainiko du Kids&Us akademiak. Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 19:00etara umeentzako tailerrak egongo dira Balentina Agirre plazan, eta zozketak ere ez dira faltako edizio honetan; izan ere, Stock Azokan erosketak egiten dituztenen artean 100 euroko sei erosketa bonu zozkatuko dituzte.
Baserritarren postuak, plazan
Aldi berean, ostiraletan eta larunbatetan izan ohi diren bertako ekoizleen azokak mantendu egingo dituzte. Aste honetan, baina, dendarien postuak tarteko, plazan egongo dira ekoizleen postuak. Gainera, larunbatean, egun osoz, Egurnika proiektuak erakusmahaia jarriko du plazan, eta Kriston Burrundaie musika festak kaleak herriko doinuz beteko ditu larunbat eguerditik aurrera.
Beraz, ekitaldiz beteriko asteburu honetan, Stock Azokak Azpeitiko saltokien deskonturik onenak aprobetxatzeko eta bertako merkataritzari laguntzeko aukera eskainiko du.