Zaintzari eta energia trantsizioari lotutako Gipuzkoako bi proiektu ezagutzen izan dira EH Bilduko ordezkariak. Usurbilgo adinekoen auzunea eta Hernaniko energia bulegoa izan dituzte hizpide. Izan ere, datozen urteetan Azpeitiak dituen erronkekin eta proiektuekin erabat lotutako esperientziak dira. Nagore Alkorta alkatea, Leire Goenaga zinegotzia eta EH Bilduko zerrendakide diren Joanes Amenabar eta Idurre Zabaleta izan dira bi udalerriotan. Inguruan ditugun proiektuetatik ikastea eta elkarlanerako sareak sortzearen inguruko garrantzia nabarmendu dute haiek.
Zaintzari dagokionez, Usurbilgo Kalezkako adinekoen auzunea ezagutu dute, bertako alkatearen eta Matia fundazioko kidearen eskutik. Adinekoak etxean bezala bizi daitezen da proiektuaren helburua. Adinekoentzat 110 etxebizitzaz gain, eguneko zentroa, kafetegia, lorategia eta hainbat zerbitzu publiko dituzte bertan. Pertsonak erdigunean jartzen dituen proiektua da, adinekoen zaintza eta bizi-kalitatea bermatzeko.
Bestalde, Hernaniko energia bulegoa ere bisitatu dute, Hernaniko alkatearen eta Ingurumen zinegotziaren eskutik. Bulegoaren helburua da kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzeko, herritarrei zein enpresei energiaren inguruan izan ditzakeen zalantzak argitzea eta aholkularitza eskaintzea. Gaiarekin lotura duen edozer informazio eskuratzeko edo izapide egiteko laguntza eskaintzen dute bertan: komunitate energetikoen inguruko informazioa, dirulaguntzei dagokiena, energia berriztagarrien ezarpenarena, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriena...