Azpeitiko EH Bilduk elkartasuna adierazi die hainbat prozesu judizialetan auzipetu dituzten 43 herritarrei. Herritar horiek inputatuta daude Espainiako Vox
alderdi ultraeskuindarraren aurka protesta egiteagatik eta Azpeitiko Gaztetxearen urteurrenaren egunean izandako istiluen harira.
Egoera horren aurrean, talde politikoak esan du beharrezkoa dela beren "eskubideak defendatzea" eta "berdintasun balioen aldeko" jarrera eta aldarria zabaltzea: "Faxismo eta errepresio mezuak, egoerak eta ekintzak gero eta ugariago diren honetan, beharrezkoa da gure eskubideen alde antolatzea, horiek aldarrikatzea eta gizarte justuago baten aldeko ekintzek kaleak hartzea".
Horregatik, babesa adierazi nahi diogu horretan ari den herritar orori. Aldi berean, 43 herritar horiek pairatu duten "presioa" ere salatu du EH Bilduk, haien aurka hartutako neurriak, izandako jokabideak eta hainbat hedabidek zabaldutako diskurtsoak "onargaitzak" direla esanda.
EH Bilduk nabarmendu du "Euskal Herri aske eta berdinzale" baten alde lanean jarraituko duela erakundeetan zein kaleetan, eta eginkizun horietan ari den
ororen ondoan egongo dela.