Kaleko hormak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2025ko urt. 16a, 14:51

Urtarrilaren 25ean Bilbora joateko deia egiten duen pankarta bat. (Utzitakoa)

Eider Agirrek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urtea hastearekin batera, Azpeitiko EAJk, sektore konkretu batzuk kriminalizatu asmoz, bere lehen ohartxoa atera du egunotan. Kezka agertu du, Gabonen bueltan, urtarrilaren 25ean, egingo diren manifestazioen propagandarekiko, petardoen eta suzirien zaku berean sartuz eta "herriko kaleak hondatzen" eta "herritarren segurtasuna zalantzan jartzen" dituela argudiatuta. Garbi dago suzirien eta petardoen erabilera okerrak herritarron segurtasunari kalte egiten diola, eta uste dut saihets zitezkeen egoerak izan direla azken asteotan. Hori esanda, gertaera horiek aldarri politiko batzuekin –eta mugimendu politiko batekin– nahastu nahi izatea oportunismo hutsa da.

Pankartak ere ez dituzte gustuko, ez dute argitu horiek ere jabetza pribatuaren aurkako erasoak diren, herritarren segurtasunaren aurkakoak ala biak batera, baina ez dituzte begiko, gutxiago Gabonetako argi ponpoxoen itzalean. Nago "kaleak garbi" edukitzea EAJrentzat aldarri politikorik ez egotea dela, enpresa pribatuek beren negozioak promozionatzeko egiten duten propagandari buruz ez baitiet ezer irakurri oharrean.

Esan beharra dago heldu nahi diodan eztabaidak argudio zaharrak dituela oinarrian; instituzioetatik at antolatzen den mugimendu politiko eta sozial orok daki zeinen zaila den diruak agintzen duen telebistetan, egunkarietan, sareetan, eta ondorioz, gizartean, agenda politikoa markatzea. Nik ere nahi nuke publikoa den telebista bat, edo Diario Vasco bat. Baina besterik ez daukagunok kaleak dauzkagu, geure eskuz egindako pankartak pegatzeko eta pintaketak egiteko. Eta horrela, gutxienez, garrantzitsuak diren gaien inguruan hitz egin daiteke herrian, hala nola faxismo berrien agerpenaz eta munduan ematen ari diren gerra mehatxuez eta genozidioez.

Izan ere, urtarrilaren 25erako GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean, instituzioek gidatutako agenda belizista eta austeritate politikak eta faxismoaren gorakada salatzeko. Asko dira arrazoiak egun horretan mobilizatzeko: osasun zerbitzuen murrizketaz eta ate birakariez hiz egin genezake, Desokupa gisako talde faxistez eta etxebizitzaren negozioaz, Nafarroan azkenaldian eman diren kaleratze eta enpresa itxierez, ideia matxisten zabalpenaz. Europako instituzioek eta enpresek Israelgo Estatua armatzeko 60 milioi euro inbertitu dituzte, bertan milaka hildako, zauritu eta desplazatu dauden bitartean.

Badirudi oharkabean pasatzen direla halako ezbeharrak, ez dagoela erantzulerik, baina kaleko hormek diote urtarrilaren 25ean hitzordu garrantzitsua daukagula. Arrazoiak badaude.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide