Uztailaren 17an eta 18an eman beharko da izena Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxan

Erabiltzailearen aurpegia Haujijijai Batzordea 2024ko uzt. 12a, 16:50

Haujijijai festa batzordeak uztailaren 27rako Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxa antolatu du, HH4tik LH6rako haurrentzat. Urtero bezala, izena eman nahi dutenek aurrez egin beharko dute, uztailaren 17 arratsaldean eta 18an goizean edo arratsaldean. Azpeitiko plazan jarriko dute izena emateko mahaia.

Beste urte batez, santioak eta saninazioak gerturatzen ari dira, eta urtero bezala Haujijijai festa batzordeak Ume Egunerako herriko gaztetxoentzako egitaraua antolatu du. Uztailaren 27an, larunbata, izango da Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxa, eta data horretan bazkariaz gain jolasak eta kalejirak izango ditugu herrian zehar.

Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxan parte hartu nahi duten lagunek uztailaren 17an, asteazkenean, edo uztailaren 18an, ostegunean, eman beharko dute izena. Asteazken arratsaldean 17:30etik 20:30era egongo da izena emateko aukera. Ostegunean, berriz, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.

Izen-ematea bost euro ordaindu beharko da, eta eguneko ekintzez gain gaztetxoek Marea Arroxako kamiseta berria erosi ahal izango dute, uztailaren 27an jasoko dutena.

Egitaraua

Bazkaria, jolasak eta kalejira antolatu ditu festa herrikoien aldeko batzordeak Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxarako. 13:30etan elkartuko dira ekintzetan parte hartzera animatzen diren gaztetxoak. HH4ko eta HH5eko haurrak Plazako eskaileretan elkartuko dira; aldiz, LH1 eta 2 mailetako gaztetxoak Done Jakue kaleko parkean; LH 3 eta 4 mailetako gaztetxoak Frontoi Txikin elkartuko dira, azkenik, LH 5 eta 6 mailetako gazteak Ludoteka aurrean izango dute hitzordua. Behin elkartuta, bazkaria izango dute denen artean, eta ondoren jolasak eta kalejira antolatuta izango dituzte Marea Arroxatik.

Kalejira amaitzean, 17:30 aldera, gurasoekin elkartuko dira berriro ekintzetan parte hartu duten gaztetxoak, elkartutako leku berean (Plazako eskailarak, Frontoi Txiki, Done Jakue eta Ludoteka).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide