Erraztu beharrean zaildu, eta konponbiderik ez

Beiraren edukiontziak koska gainean eta taberna batetik eramandako ontzia. (Utzitakoa)

Festak direla-eta beira jasotzeko edukiontziak itzuli dira, behin-behinean, Elizkalea eta Done Jakue lotzen dituen pasabidera. Koska gainean jarri dituzte, ordea, edukiontziak; horregatik eta horren inguruan jasotako erantzunagatik kexu agertu dira tabernariak.

"Festetan lana erraztu beharrean, zaildu. Lagundu beharrean, atzera egin; eta kexatzera joan arren, ezer ez dute egiten". Alde Zaharreko hainbat tabernariren kexua da hori, Elizkalea eta Done Jakue lotzen dituen pasabidean festak direla-eta jarri dituzten beirarentzako edukiontziak nola jarri dituzten eta.

Izan ere, pasabideko belargunean jarri dituzte edukiontziak, koska gainean, alegia, eta horrek beteta eramaten dituzten ontziak husterakoan eragozpenak eragiten dizkie tabernariei: "Bi lagun behar izaten ditugu ontzia edukiontziaren ahora gerturatzeko, baina hala ere, okertzerakoan, askotan lurrera erortzen zaizkigu botilak, eta horiek jasotzen ibili behar izaten dugu", azaldu dute tabernariek. Zailtasun horien berri eman dutela gaineratu dute, Urola Erdiko Mankomunitatean, baina "konponbiderik ez" dietela jarri eta edukiontziak hustu ondoren atzera koska gainean jartzen dituztela azaldu dute tabernariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide