Martxoaren 8an matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren kontra eta emakumeen eskubideen alde egingo du Itaiak

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2026ko otsailaren 20a

Azpeitiko Itaiak M8ari begira egindako lehen komiteko irudia. (Itaia)

Martxoaren 8a antolatzen hasia da Itaia, lehen komite bat eginda. Biharko, bere kongresuan jorratutakoetan sakontzeko hitzaldia antolatu du, eta azken asteetan komiteak, Martxoaren 8aren inguruko erakusketa eta mobilizazioa egingo ditu.

Otsaila hasieran ehunka lagun bildu ginen Andoainen, eta Itaiaren I. Kongresu prozesuan eztabaidatutakoak berretsi genituen. Argi adierazi genuen guretzako lehentasunezkoa dela indarkeria matxista borrokatzea eta esplotazio ekonomikoari aurre egitea, baita emakume langileon eskubideen alde borrokatzea ere, eta helburu horiei jarraiki aurkeztu genuen Emakumeon Antolakunde Sozialistaren proposamen politikoa.

Motibazioz eta borrokarako grinez itzuli ginen amaierako ekitalditik, eta orain bidea egiten jarraitzeko unea da, ez baitira txikiak markatu genituen erronkak. Identifikatutako problematikak eta egitekoak, gainera, ez dira gure herrietan gertatzen ez diren kontuak; horregatik, antolatu dugu “emakume langileon askapenerako erronkak eta proposamenak” hitzaldia, antolakundeak ezarritako ortzimuga eta helburuak zabaltzeko eta geurera ekartzeko.

Baina aipatu hitzaldia ez da datozen asteetarako prestatu dugun ekimen bakarra, badator eta Martxoaren 8a, Emakume Langileon Eguna, emakume langileok kaleak hartzeko eguna. Horregatik, komiteak antolatzen hasi gara, batetik, gazteon artean egun horrek emakume langileontzat izan duen eta izan behar duen garrantziaz hausnartzeko, eta, bestetik, martxoaren 8rako lanketa antolatzeko. Beharrezkoa da egun hori ospakizuneko egun bat baino gehiago dela gogoraraztea, edo, bestela esanda, borrokarako eta antolakuntzarako deia zabaltzeko egun bat dela azpimarratzea.

Izan ere, ezin dugu ahaztu nondik datorren egun hau: gogoan izan behar dugu iraultza ortzimugatzat zuten emakumeek proposatu eta diseinatu zutela, emakume langileon askatasun politiko, ekonomiko eta soziala lortzeko indarrak handitzeko asmotan.

Zentzu horretan, historia ahanzturan geratu ez dadin prestatu dugu M8: Emakume langileon historia erakusketa, zeina ikusgarri egongo den martxoaren 2tik 8ra Betharram erakusketa aretoan.

Behin erakusketa igarota, Martxoaren 8a baliatuko dugu, hasteko, emakume iraultzaileen lekukoa hartzen dugula ozen oihukatzeko, baina baita emakume langileon miseriaren erantzuleak seinalatzeko eta gure aldarrikapenekin kaleak betetzeko ere. Martxoaren 8an kaleak hartuko ditugu matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren kontra eta emakumeon eskubideen alde: 13:00etan plazatik abiatuko den manifestazioan.

Denak ala denak balio dezala emakume langileon artean borrokarako grina hedatzeko. Batu antolatutako ekimen ezberdinetara!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide