Urteroko asmoak, asmo

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2015ko ira. 2a, 14:40

Iritsi da iraila, eta zortea dugun gehientsuenok hasi gara lanean. Bi egun kexaka, motel, eta erritmoa hartu ezinik, baina, finean, zortedunak gara, landunak garelako. Ez naiz hasiko ditxosozko krisiari bueltaka, baina ezin dira aipatzeke utzi urtero-urtero, irailero, geure buruari, nire buruari, mahaigaineratzen dizkiodan asmoak.

Asmoak dira, bai. Ze normalean, bere horretan geratzen dira iraila bukatzerako, erritmoa hartzerako. Irailero burutazio berdinak izaten ditut: erretzeari utziko diot, ikasten hasiko naiz, ikastaroren bat egingo dut, kirola egiteari ekingo diot, parranda gutxixeago egingo dut... Eta, iraila bukatzerako, abendurako uzten ditut asmo horiek guztiak. Hotza egiten du, eta etxean, epelean, ederki egoten da lanetik ateratakoan.

Iristen da abendua, eta... urte berrirako uzten ditut hainbat xede: izan ere, urtarrilaren 1a data seinalatua da, inflexio puntua. Gabonetako oporrak pasatuta, irailerako jarritakoak baino gutxiago, baina asmo bat baino gehiago agertu izan dut datozen hilabeteetarako. Eta gero datoz sansebastianak, karnabalak, Aste Santua... eta eguraldi ona segidan. Saninazioak, eta, kitto! Abuztua berriro. Datorren irailerako utziko ditut aurtengorako nituen asmoak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide