Ia 22 urte dira herritar talde batek Uztarria aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zuela. “Ño, egin du euririk ordutik”, esango du hilero aldizkaria etxean jasotzen duen zenbaitek. Eskuetan duzuena 229.a da, eta zenbaki borobila ez bada ere, inflexio puntu baten adierazlea da.
Zenbat protagonista, zenbat testu eta argazki, zenbat lan, zenbat herritar, zenbat kolaborazio eta iritzi, zenbat laguntza… Zenbat, 1998ko azaro hartatik! Horiexek osatzen dute Uztarriaren bihotza, eta proiektuari sostengua ematen dioten herritarrak nahiz erakundeak dira birikak.
Berrikuntzak beti dira berrikuntza. Aldaketak beti dira aldaketa. Eta Uztarriaren proiektuari iritsi zaio, beste behin, berrikuntzak eta aldaketak egiteko unea. Erronka izan da egia esan; izan ere, bi euskarri garrantzitsuenak berritzea ez da bat-bateko ideia eta lana izan. Baina betiko moduan, gogoz eta ilusioz aritu gara lanean, zerbait berria sortzeak edo berritzeak ematen duen indarrarekin.
Berrikuntzak eta aldaketak ez dira etorri halabeharrez. Hala sentiarazten digute herritarrek, komunitateak, herriak. Baina behar zen aldaketa, eta eman dugu pausoa: 2020ko uztailarekin etorri dira aldizkari eta webgune berritua. Itxura da aldatu dena; funtsak bera izaten segitzen du, hori baita gure nortasuna, izateko arrazoia: herritarrak euskara hutsean informatzea. Eta diseinua aldatuta, aldizkariari orriak erantsita, kolaboratzaile sarea berrantolatuta eta eduki batzuk aldatuta, Uztarriak hasierako helburu berberarekin segituko du lanean, gaur eta bihar.
Webgune berria ere itxuraldatuta estreinatuko du Uztarriak egunotan. Molde berrietara egokituta, Interneteko joera berriei erantzuteko moldaketak eginda eta haize berria sartuta, lehengo modu berarekin segituko du azpeitiarrei herriko informazioa ematen. Urteko 365 egunetan gelditzen ez den euskararen eta informazioaren Azpeitiko motorrak martxan segituko du.
Ez dira garai errazak euskarazko hedabideentzat; izan ere, koronabirusak munduko txoko, jendarteko ertz eta herriko bazter guztiak kolpatu ditu, eta euskarazko hedabideen sektorea ere bai. Baina herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek badute euskarri bat, martxan dituzte bihotzak eta birikak, eta hori argi ikusi da pandemiak eragindako krisiaren erdian: tokiko euskarazko hedabideen kontsumoak ikaragarri egin du gora. Pandemiak estututako sokaren itomena arintzen laguntzen dute horrelako datuek eta horrelako babesak.
Itxura aldatuta, baina itxurakeriarik gabe. Herritarren ahotsa izaten, herritarren bozgorailu eta bitarteko izaten. Bidea urratzen segituko dugu, Uztarriaren bihotza eta birikak inoiz itzal ez daitezen