Joan da urtea, pasatu dira hamabi hilabete, 365 egun. Eta "hemen eta ondo gaude" esateko moduan gara; ez da gutxi! Lehen hiruhilekoa bukatzerako hankaz gora jarri zuen mundua koronabirusaren pandemiak, eta orduz geroztik, zer esango dizuet ba! Joan dira hilabeteak, marmotaren egun ugari igaro izanagatik, beste urteetan bezain azkar edo azkarrago.
Ez dut lerro bat gehiago agortuko 2020a zer izan den azaltzen, nahiago dut hasi berri den urteari begira jarri. Burura datorkidan lehen galdera: nolakoa izango da? Eta: noiz bukatuko da pandemia? Noiz iritsiko da, iritsiko baldin bada, ditxosozko normaltasun berria gurera? Noiz apalduko da positibo jasa? Noiz? Noiz? Noiz? Eta gu, zain.
Pandemia, koronabirusa, pandemia, koronabirusa. Nazkatuta nago telebista piztu eta beste konturik ez entzuteaz, nazkatuta kalera atera eta bestelako gaiez aritzeko dugun zailtasunaz, nazkatuta halakok halako egin zuela entzuteaz, beste hark positibo eman zuela jakiteaz... Baina horrelakoxeak gara, horrelakoxeak bilakatu gara. Nazkatuta nago, baina ez dut lortu lerrootan pandemiaren gaia saihesterik.
Egoera distopiko honetan, bada urtea amaitzerako poz handia eragin didan zera bat: Uztarria.eus-ek hiru milioi bisitaren langa aise gainditu du. Duela bi urteko urtarrilean idatzi nuen iritzi artikulu batean hala nioen: "Milioi eta erdi! Bi milioi bai?". Eta iaz ere esan genezakeen baietz –bi milioi bisitaren marka hautsi zuen Uztarria.eus-ek–, baina orain are nabarmenagoa izan da igoera. Izan ere, joan zen urtea amaitzerako 3.700.000 bisitatik gora izan zituen webguneak.
Ez naiz soziologoa, ez dakit zerk eragin duen bisiten halako igoera, baina gauza bat argi daukat: pandemiak izan du horretan (ere) bere rola. Koronabirusa Azpeitian izeneko atal berezia izan zen bisitatuena iaz. Uztarriak atal horretan bildu zituen korona-rekin lotura zuten edukiak, guztira ia mila; hau da, sortutako informazio eduki guztien %20 inguru –kazetariek idatzitako bost edukietatik batek COVID-19arekin zuen lotura–. Nahi izanda ere, ezin ahaztu pandemia.
Gauza on gutxi atera daitezkeen urtea bukatu denean, webguneko bisiten gorakadak albiste on bat ekarri du gurera. Urtero esaten dugu webguneak goia jo ote duen susmoa dugula, baina urtetik urtera harritzen gaitu zuen erantzunak. Pandemiak mundu guztian gogor jo duen honetan, pandemia munduaren epizentroko gai bilakatu den honetan, tokiko informazioak berebiziko garrantzia du. Argi geratu da hori webguneak urte guztian zehar izan duen erantzunarekin.
Ez dut batere zalantzarik, baina badaezpada: mundu globalizatuan tokikoak zer balio duen erakusteko balio beza pandemiak, eta ez informazioaren alorrean soilik. Jabetuko ahal gara tokikotasunak duen balio erantsiaz 2021ean. Ahal horixe eskatzen diot 2021ari, batzuetan halako gauzez jabetzeko aukerarik ere ez dugu-eta izaten masaren erdian.