Pare bat hilabete dira aldizkari honetan herriko kale izendegiari buruzko erreportaje bat argitaratu zela. Susmoa berresteko balio zuen lan hark: emakumeen arrastorik ez da Azpeitiko kale izendegian (ere). Gezurra, bada. Bada emakume izena duen plaza bat, Balentina Agirre plaza, hain zuzen ere. Listo, ordea.
Neure artean hasi nintzen pentsatzen herrian ez al den izan kale izendegian bere lekua merezi duen emakumerik, eta kostatu egin zitzaidan izen pare bat mingainaren puntara ekartzea. Egin zuek ere ariketa: zein emakume azpeitiarren izena jarriko zeniokete herriko kale, plaza, estrata edo auzune bati?
Historikoki ezkutatu egin da emakumeen jarduna, eta horren isla dira kale izendegiak ere, baita nire oroiterian historiako emakume azpeitiarren arrastorik ez izatea ere. Gizonak gizonen izenak jartzen; eliztarrak Elizarekin lotura dutenen izenak jartzen; frankistak aro hartan konplize izan zirenen izenak goraipatzen. Gizonen eta emakumeen artean egin den arrakalaren erakuslea da, nahiz eta altzoan behin agertu izan den emakume santuren izenen bat; kuriosoa ez al da emakumea horrela islatzea kale izendegian? Olazko Andre Mariaren plaza, adibidetzat.
Aurreko mendetik atzerako emakume azpeitiarren erreferentziarik ez izateaz harago, beste gogoeta bat: emakume batek zer egin beharko luke kale bazterren batean bere izena duen plakatxo bat 'irabazteko'? Ez al da politikagintzan, kiroletan, lan munduan, gizarte arloan... ekarpena egin duen aski emakume herrian? Badira, badira historian arrastoa utzi duten herritarrak, baina noiz hasten da historia? Historia hurbilak ez al du balio halako aitortzaren bat egiteko? Pertsona batek hil egin behar al du –hala ematen du askotan– aitortza jasotzeko? Falta denarekin oroitzen gara, falta denean akordatzen gara izan zenaz.
Zabalago hartuta: historia ezkutatu duenak, zergatik egin du? Kaleetan ere ba al dago memoria? Edo kaleetatik ere ezabatu egiten dugu memoria? Existitzen ez dena ez al da? Eta den guztia existitzen al da? Idazle batek esana da: "Batzuetan alderantzizkoa ere uler daiteke: alegia, izendatzen ez den hori dela".
Ezkutarazi duten hori argitara ateratzea noren ardura da? Ez al da ardura kolektiboa? Herriko umeek gaurdanik jakin behar dute emakumeek ere egin dutela Azpeitia, eta nahiko nuke hemendik hamarkada batzuetara, gure ondorengoei gizonenak adina emakume izen etortzea mingainaren puntara. Izana, izen. Edo alderantziz, izena izan.
Martxoaren 8aren bueltan ahoa betetzen zaigu aldarrikapenez, baina 9an, ez gara akordatzen atzo izan zirenez. Noiz egingo ditugu atzorako eginda behar zuketeen lanak?