Azken boladan egokitu zait goi mailako kirolari bati edo besteri elkarrizketa egitea. Kirolean egindako balentriak tarteko egin dizkiet galdera gehienak, baina galdera eta galdera artean, elkarrizketa aurrera zihoan heinean, gai bat atera da: buru osasuna lantzearen garrantzia. Aipatzen zuten elitean aritzeko zeinen beharrezkoa den buru osasuna lantzea, eta lantzea ez ezik, zaintzea. Eta lasai asko zioten beraiek ere jo dutela terapiara. Ahoan bilorik gabe.
Poza hartu nuen gaia horren natural ateratzeagatik, terapiara ez delako beti behea jotakoan jotzen. Eta egia esan, zer pentsatua ere eman didate hitzok, gutxi edo gehiago denok behar dugulako buru osasuna osasun fisikoa bezainbeste edo gehiago zaintzea. Badakit zure burua eta pentsamendu negatiboak, hipokondria eta abar kudeatzea zeinen zaila den; badakit buklean egotea zer den; badakit zer den astero-astero psikologoarengana joatea; badakit zer den beldurra sentitzea; badakit zer den ezkutu moduko zerbait sortzea inor nire burutazioetara sar ez dadin. Baina aldi berean, badakit zeinen garrantzitsua den laguntza eskatzea, barrenak hustea eta zure buruaren gaineko kontrola hartzea. Beldurretatik nolabait askatzea, eta zure burua hobeto ezagutzea. Ze, batzuetan, beldurra ematen du zeure burua ezagutze hutsak ere, ez baitakigu biltzeko eta ezkutatzeko erabiltzen ditugun tapakien eta tapakien artean zer aurkituko dugun.
Dena den, ez nintzen kontziente garai loriatsua bizitzen ari zarenean ere sarritan behar izaten dela laguntza. Ez da erraza izango punta-puntan egotea eta hor mantentzea; ez da erraza izango presiopean bizitzea; ez da erraza izango lehiaren aurrean norbere burua lasaitzea; ez da erraza izango norbere buruarekin konfiantza izatea; ez da erraza izango frustrazioak irenstea; ez da erraza izango. Eta askotan, ez da erraza izango hori guztia kudeatzeko gai ez zarela onartzea; ez da erraza izango urratsa egitea; ez da erraza izango laguntza eskatzea. Hori ez da inoiz erraza edo inoren gustukoa.
Osasun mentala gai tabua izan da oraintsu arte gizartean, eta hala izaten segitzen duen arren, gero eta gehiago dira publikoki horretaz hitz egiteko pausoa ematen dutenak. Horretaz hitz egiteak badu bere balioa; izan ere, bizitzako uneren batean edornok behar izan dezake aurrera egiteko edo blokeo egoera iraultzeko laguntza. Batzuentzat txorakeria bat izan daitekeen gauza batek izugarrizko buru gatazka sortzen die beste batzuei.
Eta horixe da bizitza, pozak eta tristurak, kezkak eta une lasaiak, garai loriatsuak eta otzanak. Zeinen garrantzitsua den horiek kudeatzen eta momentua bizitzen ikastea.