Korapiloa

Zer egongo da ba?

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2025ko urr. 8a, 07:55

Abuztuko albiste batzuk, Azpeitia Guka webguneko Hemeroteka atalean.

Julene Frantzesenak iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Oporraldietarako guardia sistema bat du zehaztuta Gukak erredakzioan, eta joan zen abuztuan bi astez lan egitea egokitu zitzaidan. Lankide ia denak pozarren ziren saninazioen bueltan, abuztuaren hondarretaraino laneko telefonoa itzaltzeko moduan zirelako, hiru astez ez zutelako posta elektronikoa begiratu beharrik izango, lan kontuetatik deskonektatzeko aukera izango zutelako, baina nik ez nuen barregura handirik. Ez naiz etorkizuna aurreikusten duen horietakoa, baina ez dakit zergatik, sumatzen nuen abuztua ez zela abuztua izango erredakzioan. Eta halaxe izan da: aurtengoa izan da nik lan egin dudan eta gogoan dudan abuzturik mugituena. 

Uztaila iristearekin hasi ohi gara bata eta bestea batari eta besteari oporrez galdezka. Neuk ere galdetu dut, baten baino gehiagotan, kontsolamendu bila edo. Izan ere, abuztuaren 17ra arte lana egin behar nuela esandako batek baino gehiagok begiratu zidan erruki aurpegiarekin, begiekin "animo" esanez bezala. "Beno, abuztuan zer egongo da ba?" ere esan dit batek bano gehiagok, palmerapean, garagardo bat ondoan eta ordenagailua eskuetan, igerilekuan hankak sartuta lan egiteko modua izango banu bezala. Kontua da neuk ere gisa horretan irudikatzen nuela gutxi gorabehera nire burua abuztuan, lanean baina erdi oporretan, dena kontrolpean eta lasai. 

Aurten, baina, ekarri dute soka gai batek baino gehiagok, eta ezbeharrak ere izan dira han eta hemen. Batetik, ezker abertzaleak Txiki eta Otaegi ageri ziren olana jarri zuen Zarauzko Santa Barbara mendiaren magalean, eta 24 orduren buruan kendu egin zuen udal gobernuak; ordutik asko izan dira gaiaz hitz egin dutenak, eztabaidaren soka alde batera eta bestera tenkatu dutenak. Bestetik, Piaspe parke eolikoa gauzatu nahi zuen enpresari horretarako beharrezkoa den ingurumen baimena ukatu dio Eusko Jaurlaritzak, baina aldi berean, Sañoa mendian haize neurgailua jartzea interes publikokotzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak; ikuskizun dago zer jarrera hartuko duen Statkraft enpresak, helegitea aurkezteko aukera bai baitauka. 

Horiek ez ezik, honako hauek ere abuztuko kontuak dira: 16 urteko gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak hilaren hasieran, Gaztetxearen urtemugan izan ziren istiluekin lotura zuela leporatuta; emakume batek eraso larri bat jasan izana salatu zuen Getariako jaietan; igerilari azkoitiar bat hil zen Donostiako itsas zeharkaldian... Abuztuan ere, txakurrak hanka hutsik. 

Lanean guardian nengoen abuztuko arratsalde batean, lagun on batek esan zidan, zeharka edo, zertan pasatu nituen bada hainbeste ordu, sartu zela Azpeitia Gukara eta ez zegoela albiste askorik. Esan behar nuen, esan behar zuen. Datorren abuztuan "zer egongo da ba" esaten didanari...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide