Korapiloa

VIP guneak?

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 31

Errege Magoak parrokia atarira iritsita, joan den urtarrilaren 5ean. (Julene Frantzesena)

Julene Frantzesenak otsaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gero eta atzerakada handiagoa ematen didate jende pilaketek. Gero eta gehiago kostatzen zait jende multzo handia biltzen den ekitaldietan igeri egitea. Gero eta zailagoa zait jende andana dagoen tokian lasai sentitzea. Eta gero eta nagi handiagoa sortzen dit jendetza batzen duten ekitaldietara joateak. Baina aldi berean, amorrua ematen dit herritar guztientzat diren ekitaldietan, ehunka lagun elkartzen dituzten hitzordu horietan, nolabait VIP izateko aukera emateak. Ez naiz ari Eivissako diskotekan 'pertsona oso inportanteentzako' gunean sartzeko ordaintzeaz, ez naiz ari kontzertuetan gehiago ordaindu eta pertsona oso inportanteak bailiran tratatzeaz. Ez naiz ari horretaz zehazki, baina bai halako zerbaitetaz.

Gabonak. Abenduaren 24a. Olentzero eta Mari Domingi etorri ziren herrira. Eguraldi eskasa eginagatik, ehunka lagun elkartu ziren Azoka Plazan, bi pertsonaia maitatu horiei ongietorria emateko, eta bidez batez, opariak eskatzeko aitzakian, haiekin argazkiak ateratzeko. Horra arte, dena normal. Lehen lerroan lekua egiteko, goiz mugitzea bezalakorik ez dago; gainerakoan, hor konpon, eta atzeko lerrora.

Errege bezpera. Meltxor, Gaspar eta Baltasar iritsi ziren Lasaotik herrigunera. Eliz atarian dozenaka ume, builaka, gozoki eskean. Sartu dira hiru erregeak Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara. Barruan dira parrokiako jaiotza prestatzeaz arduratu diren lantaldeko kideak, baita erretorea eta udal ordezkari bat ere. Eta kazetariak, bi; bat ni, bestea 'konpetentziakoa'. Eta ume hainbat ere bai, nire harridurarako. Atera dugu argazkia jaiotzaren aurrean: Erregeak, jaiotzaz arduratzen diren herritarrak, parrokoa... Eta gero, eliza barruan zeuden umeek aukera izan dute erregeekin nahi beste argazki egiteko. Zerbaitek ez dit koadratu, baina kito. Kanpora.

Kanpoan hari eta honi argazkiak ateratzen ibilita, etorri zait berriro barruko irudia burura. Ume batzuk eliza barruan, pila bat kanpoan. Ez zait batere justua iruditu egoera. Kanpoan, ehunka ez dakit baina bai dozenaka haur, Erregeak noiz aterako zain, eta barruan gutxi batzuk haiekin. "VIP gunea elizan ere?", pentsatu dut neure artean. Batzuek esan ahal izango dute biharamunean Erregeekin egon zirela, eta gehienek esan ahalko dute Erregeen zain egon zirela elizaren atarian, edo Meltxor, Gaspar eta Baltasar ikusi zituztela desfilean; eta ibilbidean –martxan zirela– ez zituztela bota umeentzat (eta ez hain umeentzat) hain preziatuak diren karameloak. Karameloena, portzierto, neurri ona iruditzen zait.

Ez diot inori ezer esan orain arte, baina esan arteko onik ez neukan. Denok nahi dugu aukera berdintasuna –hala esaten dugu, behinik behin–, baina ahal bada, nahiago aparteko tratua. Eta halakoak elizan nola, udaletxean hala. Izan ere, zenbat lagun igo izan dira balkoira plazan festa ekitaldiren bat dagoen aldiro? Eta beste galdera bat: nork ez zukeen baliatuko udaletxeko balkoira igotzeko aukera? Txorakeria dirudi, baina horrela ere egiten dira batzuen eta besteen arteko desberdintasunak. Jendetzara batzeak ematen didan perezari aurre egiteko, VIP pasea?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide