Korapiloa

Gol

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 11

Plaza jendez beteta, joan den apirilaren 23an, Marrerori eta Agirrezabalagari egindako harreran. (Nerea Uranga)

Julene Frantzesenak ekaineko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Penaltietan lortu du garaipena Realak. Espainiako Errege Kopa irabazi du, kopa Donostiara, Gipuzkoara. "Marrero, Marrero", kantatu dute zaleek, ez da gutxiagorako. Erakustaldia eskaini du loiolatarrak talde txuri-urdinaren atepean; penalti bat geratu, gero bestea... Ospakizunetan murgildu da Reala, baita zaleak ere; ikusi besterik ez Sevillak asteburuan eta Donostiako Alderdi Ederrek astelehenean zuten itxura. 

Jokalariak pozarren, eta hedabideak protagonisten hitzen eskean. Gukak ere jo du Realeko komunikazio sailera, Marrerori elkarrizketa egitea eskatzeko. Garaipenaren aparretan, Marrerok baietz, emango diola elkarrizketa Gukari, baina Realari galdetzeko, bai baitute klubek hedabideekin nola jokatu ebazteko nolabaiteko protokolo bat. Erantzuna: egoteko, erantzungo dutela zerbait. Egun batzuetara etorri zen erantzuna: Gukak ez diola Realari denboraldian zehar jarraipenik egiten, eta beraz, ez dutela egoki ikusten Marrerok –Espainiako Errege Koparen finaleko protagonista nagusiak– lehen elkarrizketa Gukari ematea. Bestela esanda, klubak ez duela lehentasuntzat tokiko prentsa, egokiagoa iruditzen zaiola Marrerok aurrena espainolezko Gipuzkoako beste egunkariren baterako hitz egitea.

Dena den, lortu zuen Gukak Marreroren hitz batzuk jasotzea Azpeitian hari eta Oier Agirrezabala Poxi gizonen lehen taldeko prestatzaile fisikoari egindako harreraren bueltan. Sikiera. Pasatu dira egunak, eta atera du egunero-egunero berripapereko hamaika orri Realari eskaintzen dizkion El Diario Vasco-k Azpeitiko atezainari eginiko elkarrizketa, maiatzaren 3an, igandez. Bien bitartean, Guka zain, komunikazio arduradunak noiz erantzungo zain, hitzordua jartzeko zain, Marrerori elkarrizketa pausatua egiteko gogoz, eta zain. Aste bat, eta beste bat. Eta halako batean, bazela Marrero elkarrizketatzeko aukera bat; Realak uste zuela denboraldiko azken neurketaren ataria izan zitekeela Gukak elkarrizketa egiteko egokia. Denboraldia agortuta egonagatik, Gukak baietz. Kito. Esan eta egin, eta argitaratu; euskara hutsean, nola bestela. 

Zoritxarrez, ondotxo dakigu etxe handietan gauzek nola funtzionatzen duten, eta halako lekuetako 'lehentasunak', askotan, zein izaten diren: euskara babestu, gaztelania erabili; etxekoa goraipatu, kanpokoa lehenetsi. Esan nahi dut: Gukak Realari jardunaldiz jardunaldi jarraipena egin izan balio ere, ez dut uste Marreroren elkarrizketa kaleratzen aurrena izango zatekeenik. Bestela esanda: ez dut uste jarraipena denik elkarrizketen egutegia egiteko irizpide bakarra. Eta horrelaxe daude kontuak, beste behin, euskararen herrian. Gol hitzak ez du itzulpenik behar, baina aldea dago, nonbait, gola zein hizkuntzatan sartzen den. Eta euskarazko hedabideek ez dute, antza, gainerako komunikabideen liga berean jokatzen. Gipuzkoako alkate guztiak gonbidatu –bai, gonbidatu– zituen Realak finalera. Hori bai gola!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide