Kultura, su bajuan

(Uztarria aldizkariko bi orrialdeak)

(Uztarria herri aldizkariaren urtarrileko zenbakiko artikulua da). Herriko kultur mugimenduak datozen urteetan nondik jo behar duen gogoeta egin du Kultur Mahaiak. Hona hemen haren idatziko zati batzuk. (har ezazu Azpeitiko 2013ko kultur bonoa. 155 euroko baliokoa, 52 eurotan).

Marko orokorra. "Azpeitian guztion artean kultura aldetik bide bat egiten ari gara. Kultur komunitateko kideon zeregina da, taldeka / eragileka zein kolektiboki, pausoak ematen segitzea, katea ez eteteko, kultur mugimendua aberasten jarraitzeko. Nor izaten jarraitzeko.

Herrian kultur komunitate garrantzitsu bat osatzen dugu. Beraz: 'Guztion erantzukizuna da ondare hau hurrengo belaunaldiei ahalik eta bizien transmititzea. Euskal kulturgintzak, kultur sormen eta kontsumotik haratago, badu eragin sakonago bat: euskal nortasunaren elikagaia izatea, izateko arrazoiak eta sinboloak elikatzea' (Huhezi fakultatea).

Azpeitiko Kultur Mahaiak orain arte oinarri garrantzitsu bat jarri du: barne egituraketa eta ibilbide kolektibo bat, Sanagustin kulturgunea, kultur komunikabideak... 

Beste fase bati ekingo diogu orain.

Oro har, bilgunearen lana sormenean, transmisioan, (egutegi...) orekan eta koordinazioan sakontzea edo hobetzea izango da".

ILDOAK

"Aurrera begira jorratzeko ildo hauek ontzat jo dira Kultur Mahaiaren ohiko batzarrean:

Sorkuntza. Ideia berri gehiago landu denok, eta sormenerako arlo ugarirentzat espazio zabala izan ala ez aztertu. Sorkuntzarako giro bat erein jakina, herrian egiten dena errespetatu, eta sustatu.

Transmisioa. Jende berria lortu kultur mugimendurako, gazte(txo) eremuak landu, gazte(txo)ak ekarri / erakarri kulturara.

Herriko egutegi orekatua. Orekak diziplina, fetxa eta espazio aldetik... Kultur Mahaian ez dauden baina kultur ekitaldiak antolatzen dituzten elkarteak ere landu. Mahaiko batzar batean irizpideak finkatu genituen; gauzatzen hasi, progresiboki.

Sanagustin kulturgunea. Zerbitzu hobea emateko, baliabide ekonomiko handiagoak izateko, kultur egitaraua hobetzeko edota haren bidez plaza / parte zaharra gehiago biziberritzeko lan egin —Kultur Mahaiak kudeatzen du Sanagustin—.

Udal kultur aurrekontuak. Gaiaz hitz egiteko espazioa zabaldu udalak. Kultur mugimenduko ordezkariekin gune bat osatu.

Beste bi arlo: 1. Erakusketa aretoa. Betharrametakoa gune duin batean bilakatu da. Plana osatu, irizpideak jarri oreka lortzeko, arlo asko hartu, taldeen plaza, egile berrientzat lekua... Beste gune batzuekin uztarketa. 2. Parte zaharra biziberritu. Parte hartu udalaren prozesuan. Izan ere, kultur ekitaldi gehienak parte zaharrean egiten dira eta kultur azpiegitura nagusiak han daude". 

IRIZPIDEAK

Batasun bat eman planari. "Aipatutako ildo askok elkarrekin zerikusia dute. Adibidez, sorkuntzako ekimenek eta parte zaharra biziberritzeak, Sanagustinek eta parte zaharrak, sormen ekimenek eta Sanagustinek, egutegia orekatzeak eta parte zaharrak, sormen ekimenek eta udal aurrekontuek, sormenak eta gazte(txo)ek —transmisioak—... Beraz, planari batasun bat eman, koherentzia bat izan dezan".

Su bajua. "Giro, barne kohesio edo kontzientziazio hori ez da gauzatuta ikusten egun batetik bestera; bide luzearen ondorioa izan ohi da. Su bajua piztuko dugu. Kultur Mahaiko Talde Eragilea balore horiek azpimarratzen joango da, taldeei insistitzen eta laguntza ematen / eskaintzen, baita bide horretan ekimenak burutzen ere. Elkarte bakoitzak barru mailan ere balore horiek landu beharko lituzke gerora (ere). Joseba Jaka euskaltzaleak esaten zuen: 'Egin, egin behar da'. Arrazoi. Fase honetan ere joango gara egiten, pixkanaka. Eta, batez ere, ereiteko asmoz". 

LANEAN

Lan batzuk aurreratuta. "Gauza batzuk aurreratzen ari gara, lehendik datozen gaiak direlako: egutegi orekatuaren irizpideak onartuta ditugu batzar batean, Sanagustineko proiektua hobetzen segitzeko neurriak finkatu ditugu, udala kultur aurrekontuei buruz taldeekin-eta hizketan hasia da, eta parte zaharra biziberritzeko bilgune berrian parte hartzen hasi da Kultur Mahaia".

Urtarrilean-otsailean bilerak. "Taldeetan ez dauden norbanako sortzaileekin, sormenari buruz eragileekin, transmisioaz...". 

Gogoetako txosten osoa

-----------------

KULTUR KOMUNITATEA

22 kultur talde. Azpeitian horrenbeste kultur talde daude, eta kulturako ia eremu den-denak jorratzen dituzte.

1.000 kide. Herrian dauden 22 kultur taldeetan kide, partaide, ikasle edo irakasle bezala, 1.000-1.050 lagun dabiltza. 

Beste eragileak. Kultur ekitaldiak antolatzen dituzten beste eragile batzuk ere badira: udala, Sanagustin, Gaztetxea, ikastetxeak, Baigera, auzoetako-eta festa batzordeak... 

Norbanakoak. Taldeetan ez dauden kultur sortzaile asko dago Azpeitian: margolariak, idazleak... Publikoki ezezagunak gehienak. Haiekin ere hartu-emanean hasiko da Kultur Mahaia.

401 bazkide Kultur Mahaiak. 2012an 400 bazkidera heltzeko helburua jarri zuen. 401 horietatik 378 norbanakoak dira, 22 kultur taldeak eta bat ohorezko bazkidea da (Imanol Elias Odriozola). Bazkidetzeko bada atal berezi bat sanagustinkulturgunea.net webgunean.

KULTUR MAHAIAREN IBILBIDEA

1. fasea: antolaketa eredu bat. "Azpeitiko eragile asko eta askotarikoak batera jarri ginen lanean: kultur taldeak, udal taldeak, teknikariak, norbanakoak... Antolaketa eredu bat finkatu genuen: Kultur Mahaia modu iraunkorrean 2008tik aurrera, Talde Eragilearen sorrera orduan, batzarrak, erabaki kolektiboak, barne araudiak, teknikaria, bazkideak, plan orokor bat... Horrez gain, komunikazio tresnak sortu genituen: Interneteko ataria, hileroko eskuko agenda...".

2. fasea: Sanagustin. "Sanagustin kulturgunea ireki (2010eko abendua), gero osatu (2011ko uztaila), eta horrelako azpiegitura garrantzitsu baten kudeaketa herriko kultur mugimenduak hartu (Kultur Mahaiak). Udalak Soreasuren zati bat ireki izana ere aipatu behar da (2011ko ekaina)".

3. fasea:2013tik aurrerakoa. "Oinarri horren gainean gehiago eraikitzeko garaia dela uste dugu, modu kolektiboan arituta. Udaran hasi ginen gogoetan, taldeen diagnostiko bat egin dugu, eta plan bat osatu. Helburua: kultur mugimendua aberastu, zabaldu eta gehiago koordinatzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide