Izarraizpetik

Neskametza: kontaketa bat

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2026ko abuztuaren 22a

IbaƱarrieta, joan den mende hasiera aldeko irudian. (Indalecio Ojanguren)

Luis Gurrutxagak uztaileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aldizkari honetan morrontzari buruz idatzi eta gero, neskame lanetan aritutako testigantza aparta jasotzeko ditxa izan dut. Atseginez, 36ko gerra aurreko, garaiko eta ondorengo urte latz haietan emakume horrek eraman zuen bizibidea dakart oraingoan.

Elena Ibañarrietan jaio zen lau seme-alaben ama prestua da, 98 urte betetzear dago eta ikaragarrizko memoria ona du. Haren attitte-atteponteak bataiatzerakoan apaizari esan omen zion: "Bota ondo gatza". Eta bai bota ere, bizitzan erakutsi dituen kemen eta nortasunagatik. Tripa-truk, oso txikitatik inguruko baserrietan ibili zen neskame lanetan: Elkanoko Gorrotxategin, besteak beste, astoa zaintzen; Matraka baserrian, ogia egiten; Karpo baserrian, ume zaintzan; eta Sakabin, abereak zaintzen –nahiz eta beldurra zien–. Eta hara, dio han ikasi zuela zenbatzen, artaldeko ardiak batugai erabiliz: 33 ardi eta ahari bat. Serioski kontatzen du, gerra garaian-eta nola entzuten zituen tiro hotsak eta abioiak gertu pasatzen. Goizetan, oraindik logure zela, itulari joateko ohetik jaikitzeko ordena jaso, eta neskak... ezetz. "Tripako mina" zeukala. Eta baserriko neskameak: "A, bai?". Eta labatibarekin agertzen zenean, akabo tripako minak. Joan-etorri horiek guztiak, 10 urte bete aurretik egin zituen Elenak. Imajinatzen, gaur egun? 

10 urte bete zituenean Urnietara joan zen, udaleko idazkariaren etxera neskame. "Aspertu egiten nintzen. Aurremantal zuria jantzita, etxera etortzen zen jendea artatzen nuen. Nagusiak, idazkari lanak utzita, Ezkioko ama birjinaren kontuez idazten zuen". Hain zuzen, aukera izan zuen ama birjina ikusi zuten neska haietakoa ezagutzeko, Pazko egunez Elena neskame zegoen etxera gonbidatu baitzuten bazkaltzera. "Batzuk mahai borobil handian arkumea jaten, eta ni karbonera gainean sobrak jaten. Neska tuntun hark ama birjina ikusi?"dio.

Eta handik, Oikiako baserri batera joan zen Elena. Baserri hartako hiru semek etxetik kanpo egiten zuten lan, eta lana lepo zuen. Bi egunetik behin, astoa lagun, esnea saltzera joaten zen Zumaiara. Orduan ikasi zuen sobratutako esnea salduz negozioa egiten. Hileko lau duro kobratzen zituen, etxean entregatzeko. "Niretzat isilpekoak bakarrik gordetzen nituen"

Hurrengo geldialdia Donostian txokolategia zuen familian egin zuen. Batik bat enkarguak egitea zen bere zeregina, esaterako, etxeko katuarentzat arrandegitik jana eramatea. Pentsa! Han zegoela, Franco zaldi zuri gainean pasatzen ikusteko aukera izan omen zuen. Soldata, hileko 50 pezeta; 40 postaz etxera bidaltzen zizkioten, eta 10 nagusiak bankuko kontuan sartzen zizkion. 

Handik Herrerako denda batera egin zuen salto gero. Denda horretan fideoak estraperloan ekoizten zituztela kontatu du. Ezin ahaztu gerra ondoren gosea guztiz hedatuta zegoela, eta ahal zuenak ahal zuena egiten zuela. Elenak enkargu ugari izaten zituen egiteko, tranbiaz joaten zen auzoetara eta txalupaz igarotzen zuen badia alderik alde. Soldata? 75 pezeta.

Nerabe zela hurbildu zen etxe aldera. Zestoako Bainuetxean aurkeztu zen, baina 16 urte ez, eta Azpeitiko ansoaldetarren etxean igaro zituen hilabete batzuk, bidaldi luze zein gogoangarria amaituz.

Ordiziako azoka plazan, bada emakume saltzailearen irudia eta ondoan horma irudia, emakume saltzailearen ekarpena goraipatuz. Ez dakit non, baina antzeko zerbait egin beharko litzateke, gutxienez, memoriara ekartzeko Elenak bezala urte latz haietan neskameek izan zuten eragin eskerga eguneroko bizitzan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide