Izarraizpetik

Sinestezina, baina gertatutakoa

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga

Luis Gurrutxagak urriko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Errelato hau izan zitekeen amesgaizto batean oinarritutakoa, baina ez. Asmatutakoa ez da, irakurle, gertatutakoa baizik. Hiru emakume; gutxi goitibeheiti, sorbaldetan zazpina hamarkada dituzten Itzi, Isa eta Lulu ditugu nahigabeko protagonistak, hirurak iganderoko mendigoizale porrokatuak.

Ekaineko igande hartan, Artikutza inguruko Mugak izeneko ibilbidea zuten helburu. Autoa aparkatu, pare bat orduz ibili, jan-edan laburra egin eta aurrera zihoazela: "Bee, bee...". Biratu, eta aiba! Sekulako akertzarra, kristoren adar zabalekin eta... erraietarainoko kiratsa zeriola. "Alde hemendik", haiek. Baina keba! Bat-batean buelta eman, atzeko bi hanken gainean jarri, eta buruarekin kolpatzeko keinuak egiten zizkien. Korrika, basoan sartu ziren, gordeleku bila, arnasestuka, herioan, akerra atzetik zutela. Zortez, barrenetik adarkatzen diren bi zuhaitz aukeratu, eta tximuen pare babestu ziren zuhaitz adarretan. Piztia lasai ederrean zuhaitz azpian etzan, eta haiei begira gelditu zen. Haiek urduri: "Ez ote da aldenduko?". Uxatu nahian, haiek oihuka, txaloka, txistuka... Alferrik. Eta jaten hasi zen. "Noiz arte hemen?", zioten beren artean. Aibala! Zuhaitzera igotzen saiatu zen, baina adarjerak ez zion uzten. Hala ere, Ixaren zapatillak marrazkatzera iritsi zen. 

Nahigabea, ezintasuna, nekea, bakardadea... Negargurea! Hara zer panorama! Ordu eta erdi tximuen moduan zintzilikatuta; 112ra deitu behar ote, ala? Eeee, mutil bat bizikletan! "Lagundu, lagundu!", haiek. Akerra ikusi orduko jabetu zen nesken egoeraz, eta haga luze batekin saiatu zen animalia uxatzen, baina keba! Hari ere erasoka hasi zitzaion. Akabo saiakera! Etsipenak bultzatuta, Itzik 112ra deitu zuen eta, muga eremuan zeudenez, "Allô, allô!" esanez hartu, frantsesak. Eta komeriak: "Nola esaten da frantsesez macho cabrío?". 

Bitartean, hurbildu zen mutilak lortu zuen Nafarroako 112koekin konektatzea. Egoeraren berri eman zien haiei, eta 112koek: "Atera argazki bat, eman kokapena eta jabeari deituko diogu, topatzen baldin badugu". Etsipenez, haiek: "Kaka zaharra! Noiz arte hemen?". Burugabeko erantzuna jaso ondoren, Lesakako suhiltzaileekin hitz egiteko zortea izan zuen txirrindulariak, eta haiek lekura iristeko zailtasuna izanez gero, helikopteroa martxan jarriko zutela esan zioten. "Helikopteroa?", neskek, elkarri begira. Bitartean, beste bi oinezko hurbildu zitzaizkien algaraka, egoeraren larritasunaz jabetzeko. Haiek ere saiatu ziren akerra izutzen, baina... keba! Piztiaren amorruak eztanda egin zuen, eta zuhaitzaren enborra kolpatzen hasi zen, neurrigabeko errabiaz. 112koak ez zihoazela eta helikopteroari deituko ziotela. "Puf, falta zena! Helikopteroa gure bila. Bihar gu egunkarietan!", han zirenek. Halako batean, lortu zuten akertzarra urruntzea. 

Dar-dar batean, han zihoazen basoan behera, atzera begiratuz, izerdi larritan. Eta gizonak ere behera, hala moduz, akerra izutuz. "Segi, segi neskak, arin-arin goaz"; lasai ez, ordea. Eta ezustean, hor agertu zen munstroa aurrean. Akabo. Tinko gelditu zen, harridurak irentsita. Eta mutilek: "Lasai! Jarraitu!". Azkenenean, lortu zuten piztia inguratzea eta behingoz aldentzea. Agurtu zituzten laguntzaileak, sutsuki eskerrak emanez, eta autora iritsi ziren, sei ordu igarota.

Horrelako odisea bizi eta pairatuta, derrigorra da gaia lagunarteko tertulietan ateratzea. Lehenik harridura sortzen badu ere, txantxa ugari jaso behar izan dute gure heroiek ondoren. Zerk bultzatuta izan zuen akertzarrak halako jokaera? Eragina izango ote zuen feromonak gora, feromonak behera ibiltzeak? Garrantzitsuena zera da: zorionez, emakume horiek ez dutela galdu mendira joateko grina, eta igandero jarraitzen dutela gure inguruko mendien xarmarekin gozatzen.

PS: Uztaileko aldizkariko Neskametza: kontaketa bat artikuluan, neskame izan zeneko Elenaren joan-etorriak kontatzen dira. Nioen, 98 urte betetzear zegoela Elena. Bada, 98ra iristeko sei egun falta zitzaizkiola, abuztuaren 6an zendu zitzaigun. Sendagilearen azken bisita jaso zuenean, esan omen zion: "Badakit zertara etorri zaren: ni 'apapa' bidaltzera". Agerikoak, gure emakumearen nortasuna eta kemena. Goian bego, Elena Huegun Arrizabalaga.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide