Guka gara!

Garaian garaikoa

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Elduaien 2023ko abu. 12a, 08:36

Maitane Elduaien GUKA estrategiaren koordinatzaileak 2023ko uztaileko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Topiko bat hemen: garaiak aldatu egiten dira. Komunikazio arloan ere ezin esan dezakegu zaharrak berri direnik. Garai bakoitzak bere izaera du, eta proiektu bakoitzak bere aldia. Teknologia berriek eta Internetek urte gutxiren bueltan hankaz gora jarri dute komunikazio prozesuen paradigma. Komunikatzeko molde berriak sortu dira, eta komunikabideei molde horietara egokitu besterik ez zaie geratzen.

Erronka berriei aurre egiteko xedearekin, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) sortu genuen, 2019an. Azkoitiko Maxixatzen, Azpeitiko Uztarria, Zumaiako Baleike, Orio-Aiako Karkara, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza eta Erlo telebista batu ginen UKTra. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da gurea, komunikazio proiektu bat, tokikotasunari erantzungo dion egitura bat, lantalde bakarrean bilduta, aurrekontu bakarrarekin eta xede berberarekin: euskarazko tokiko hedabide onenak eskaintzea herritarrei.

Bost urteren ondoren, urte berriarekin batera, jauzi garrantzitsua emango dugu: GUKA markaren azpian bilduko gara kooperatibako hedabide guztiak. GUKA azken hiru urteetan egindako hausnarketa prozesuaren emaitza da. GUKA estrategia marraztu dugu, kalitatezko edukiak ipar direla.

Tokikotasunari erantzun nahi dion marka komun bat da GUKA, produktu zehatz bati baino, proiektuari berari indarra eman nahi diona. Orain artean bezalaxe, hedabideak tokikoa izaten jarraituko du, aldizkaria eta .eus webgunea ez dira desagertuko. Beroketa lanak hasi ditugu, eta horregatik ikusten hasita zaudete GUKA izena gure euskarrietan. Baina jauzia marka kontua baino haratago doa: eskaintza bera berritzera goaz, bazkideei ahalik eta zerbitzu onena emateko asmoz.

Bazkideak eta zerbitzua. Horretan nahi dugu pausatu, arnasa hartu eta sakondu, komunitatea baita honi guztiari zentzua ematen diona, gure sorreraren eta izatearen muinetako bat. Komunikabideek daukaten desafio handienetako baten aurrean gaude, ordea. Gure irakurleak gero eta digitalagoak dira; urtetik urtera, handitzen doa gure atari digitalak bisitatzen dituzten irakurleen kopurua. Horri erantzuteko, 30 langiletik gorako lantaldea daukagu, egunero, gurean ahalik eta informazio eguneratuena emateko, euskaraz. Komunitatea indartzearekin batera, bazkidetza digitalari ere heldu beharrean gaude, gure atariak doan direlako, baina ez debalde.

Zero kilometroko komunikabideak dira UKT osatzen dutenak, tokikoak, gertutik eta bertatik kontatzen ditugu herriko gertakariak, eta, nekazarien moduan, garaian garaiko produktuak erein behar direla uste dugu, kalitatezkoak, uztak onak izan daitezen. Horretara dator, hain zuzen ere, GUKA estrategia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide