2024ko abuztuko azken hamabostaldian hasi zen Azpeitiko Udalak finantzatu eta Fundabrilek eta auzoko komunitate erakundeek gauzatutako Gazteen eta komunitatearen elkarbizitza indartzea Bello Amanecer auzoan (Ilopango, El Salvador) proiektua.
Proiektu horrek sei hilabeteko iraupena du, eta komunitatearen antolaketa, buruzagien prestakuntza, pertenentzia sentimendua, belaunaldien arteko eta auzoko bizikidetza indartu nahi ditu, baina baita lehendik dagoen futbol zelai baten birmoldaketa egin ere, adin eta sexu guztientzako aisialdirako gune inklusibo bihurtuz, eta horrek ilusio handia eragin du gazteen artean.
Orain arte, lekuaren azterketa topografikoa eta espazioaren diseinu arkitektonikoa egin dira, modu parte hartzailean. Antolakuntzari buruzko prestakuntza tailerrak ere hasi dira Ilopangoko Herritar Mahaiarekin eta Memoria Historikoaren Batzordea osatu da dagoeneko auzoan. Egun gutxi barru zelaian hobekuntza lanak hastea espero dugu.
Eskerrik asko, Azpeitiko herriari eta Udalari!