El Salvadorko emakumeen ahalduntzean laguntzen, udalak emandako laguntzari esker

Erabiltzailearen aurpegia Mubike kooperazio elkartea

El Salvador Elkartasuna gobernuz kanpoko erakundea emakumeen ahalduntzea helburu El Salvadorko hainbat komunitatetan ari da lanean. Komunitate horietako emakume nekazariekin ari dira lanean, haiei osasun sexualaren eta ugalketa eskubideen berri emanez eta prebentzio lanak eginez.

El Salvador Elkartasuna gobernuz kanpoko erakundea emakumeen ahalduntzean eragiteko lanean ari da El Salvadorko zortzi komunitateetako emakume nekazariekin, Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko beste hainbat udalek eta eragilek emandako laguntzari esker. Azpeitiko Udalak 15.000 euroko laguntza eman dio elkarteari El Salvadorren laguntzeko.

Hain zuzen ere, El Salvador Elkartasuna San Vicente eskualdean, San Esteban Catarinako bederatzi komunitateetan eta Suchitotoko zortzi komunitateetan ari da lanean iaztik, Azkoitiko, Azpeitiko, Debako eta Irurtzungo udalek nahiz Sakanako Ibilaldia, Provida, El Salvador Elkartasuna, Medicos de familia eta Beneficiarios elkarteek emandako laguntzari esker.

Euskal Herria eta El Salvador proiektuaren helburua, prebentzioaren bidez, lanean ari diren komunitateetako emakume nekazariei beren osasun sexual eta ugalketa eskubideetan eragitea da, emakumeak ahaldunduz. Helburu hori kontuan hartuta honako ekintzak egiten ari dira:

  • Nerabeen haurdunaldiei buruzko prebentzio tailerrak.
  • 600 emakumeri zitologiak eta mamografiak egin dizkiete.
  • PAP eta mamografien emaitzak itzultzeko saioak egin dituzte. 
  • Emakume eta gazteek autozainketa nola egin jakiteko jardunaldiak egin dituzte.
  • Jardunaldien koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioak egin dituzte.
  • Amusec eta Asomus emakume taldeen arteko esperientzia trukatu dituzte.
  • Baratze agroekologikoak sustatzeko bilerak egin dituzte elkarteetako emakumeekin.
  • Baratzeak martxan jartzeko saiakera eskola egin dute.
  • Jaialdi gastronomikoa egin dute, bertako jakien ondarea bultzatzeko eta beren autonomia ekonomikoa lortzeko.

Proiektua bultzatzeko denera 50.000 euroko diru ekarpena jaso dutela adierazi du Euskal Herria-El Salvador proiektuaren sustatzailea den El Salvador Elkartasuna elkarteak, honakoak izan dira jaso dituzten laguntzak: Azkoitiko Udala, 8.000 euro; Azpeitiko Udala, 15.000 euro; Debako Udala, 3.285,36 euro; Irurtzungo Udala, 4.000 euro; Sakanako Ibillaldia, 7.000 euro; Pro-Vida, 6.215 euro; El Salvador Elkartasuna, 4.000 euro; Medicos de familia, 1.500 euro; eta, Beneficiarios, 1.000 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide