Badatoz saninazioak

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Alkorta 2025ko uzt. 28a, 10:21

Iazko txupinazoan, plaza jendez lepo. (Aitziber Arzallus)

Nagore Alkorta alkateak festetako programarako idatzitako artikulua da honako hau.

Badatoz saninazioak. Badatoz urteko egunik berezienetako batzuk. Eguneroko martxan parentesi bat egingo du herriak, alaitasunari eta gozamenari tarte zabalagoa eskaintzeko. Herriko festa bakoitzak du bere xarma, eta saninazioak zerbaitek egiten baditu berezi, nire ustez, Santio egunaren bueltatik hasi eta txarangaren azken emanaldira arte kalean egoten den bizitzak egiten ditu.

Kepa Susperregik botako du aurtengo txupinazoa. Herritarrei erakutsitako gertutasunaren eta laguntzeko borondatearen truke, herritarren maitasuna jasoko du Azpeitiko erretore izandakoak. Bejondeiola. Bejondeiela hautagaien artean zeuden Marea Urdinari, euskara ikasleei eta Izarraitz igeri elkarteari ere, eta festetan oso presente izan ditzagula haiek ordezkatzen dituzten inklusioa, euskara, konpromisoa eta gainerako balioak ere. Berriro gogorarazi nahiko nuke, festetan ere, jokabide desegokiekin tolerantziarik ez dugula izango.

Programan ikusiko zenuten bezala, egitarau zabala prestatu dugu, eta saiatu gara edonork gozatzeko moduko eskaintza osatzen. Eskerrik asko bihotz-bihotzez jaien antolakuntzan bidelagun zaituztegun elkarte, talde eta norbanako guztioi. Zuek bihurtzen dituzue saninazioak hain eder. Festarako animorik gabe zaudetenoi, berriz, besarkada estu bana.

Sorpresa handia izaten dira festak. Ezin jakin zer ekarriko diguten eta zer arrasto utziko duten gugan. Ea aurtengo saninazioak luzaroan gogoratzeko modukoak izaten diren eta momentu eder asko bizitzeko aukera ematen diguten. Seguru baietz. Gora saninazioak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide