Erakusketa, bertso saioa eta kontzertuak, igaro berri den asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko mai. 20a, 13:29

Jokin Guridiren 'Eome' erakusketa. (Kulturaz)

DOI erakusketa programaren barruan Jokin Guridiren Eome lana aurkeztu zen ostiralean Dinamoan. Egun berean, Kilometroetako egitarauaren barruan, Bertso Izpiak bertso saioa izan zen Soreasu antzokian. Larunbatean, Etxera Eguna izan zen, eta hori tarteko, Xiberoots eta Bad Sound System taldeen kontzertuak izan ziren Sanagustin kulturgunean. 

Jokin Guridi Urrutia bergararrak Dinamoan landutako obra aurkeztu zigun ostiralean, Eome. Dinamoan bertan izan zen aurkezpena, eta sortzailearen ahotik lan honi buruzko xehetasunak entzuteko aukera izan genuen. DOI erakusketa programaren barruan antolatutako hirugarren erakusketa da honakoa. Ikusgai izango da sormen gunean, 17:00etatik 19:00etara, astelehenetik ostiralera, maiatzaren 31 bitarte.

Kilometroetako egitarauaren barruan antolatutako Bertso Izpiak bertso saioa ere izan zen ostiralean, Soreasu antzokian. Andoni Egaña, Amets Arzallus, Jone Uria, Eneritz Artetxe, Naia Arrizabalaga eta Jokin Uranga bertsolariek eskaini zuten saioa, Haritz Etxeberria gai jartzaile zutela. Jende andana joan zen saioaz gozatzera.

Larunbatean, Sanagustin kulturgunea leporaino bete zen Xiberoots eta Bad Sound System taldeen kontzertuekin. Jendetza dantzarako gogoz eta giro alaian. Etxera Eguna tarteko antolatutako kontzertuak izan ziren horiek.

Kultur ekitaldi ezberdinetako argazkiak ikusteko aukera duzue, betiko moduan, kulturazartxibategidigitala.eus atarian. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide