Gorka Urbizuren eta Idoia Asurmendiren kontzertuak izan dira asteburuko protagonista

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko eka. 10a, 11:36

Gorka Urbizu, Sanagustinen. (Kulturaz)

Gorka Urbizuk bere ibilbide berriko Hasiera bat lanarekin Sanagustin kulturgunea betetzea lortu zuen bi egunetan. Idoia Asurmendi musikari gazteak ere jendetza erakarri zuen Soreasu antzokira, De amar y desandar lanaren aurkezpen biran.

Musika izan da joan den asteburuko protagonista. Gorka Urbizu musikari ezagunak Sanagustin kulturguneko aretoa bete zuen ostiralean zein larunbatean, bakarkako ibilbide berrian sortu duen Hasiera bat lanaren aurkezpen biraren barruan eskainitako kontzertuetan. Larunbateko kontzertua baino lehen, Eneko Lamonthe Senpereko (Lapurdi) bizilaguna igo zen oholtzara, ordu erdi inguruko kontzertua eskainiz. Urbizuren kontzertuaren ostean, berriz, Elepunto DJak luzatu zien gaua bertaratu zirenei.

Atzo, berriz, Idoia Asurmendik eskaini zuen kontzertua Soreasu antzokian, 20.00etan hasita. Jendetza elkartu zen aretoan, bakarlari gaztearen De amar y desandar lan berria entzun asmoz.

Musikaz gain, Doi erakusketa programaren barru¡an, Irati Antiaren Azukre beltza erakusketa zabaldu zen ostiralean Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. 18:00etan izan zen irekiera, sortzailea bertan zela. Erakusketa ekainaren 23ra bitarte izango da ikusgai, aste barruan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide