Ostiral arratsaldean eman zitzaien hasiera asteburuko kultur ekitaldiei. Trikigiro elkarteak, beste urte batez, Trikigiro Eguna ospatu zuen. Herriko kaleetan zehar ibili ondoren, Sanagustin kulturgunea bete zuten trikitizaleek.
Miñan irrati solasaldiaren txanda izan zen larunbat goizean. Soreasu antzokiko oholtza gainean batu ziren solasaldiko kideak zein entzuleak, ordubete inguru iraun zuen saioan. Sambou Diaby, Ander Lipus, Timberlake Wertenbaker eta Amets Arzallus solastu ziren Arantxa Iturbek zuzendutako mahainguruan. 60 entzule inguru bertaratu ziren.
Egun berean, 22:00etan hasita, Burrundaie dokumentalaren proiekzioa eskaini zen Sanagustin kulturgunean. Hainbat lagun bertaratu ziren, eta jarraian, Avion eta Gallardos Revisited talde mitikoen kontzertuetaz gozatzeko parada izan zen, taldeetako partaide berri eta guzti.
Igande goiza udazken doinuz jantzi zuen Azpeitiko Udal Musika Bandak, urtaro bakoitzari eskaini ohi dion emanaldia burutuz Soreasu antzokian, eguardiko 12.30etik aurrera.
Arratsaldearen erdi aldera, Ene Kantak taldeko kide ezagunek sortutako proiektu berriaz gozatzeko aukera izan zuten herriko txikienek Soreasu antzokian: Gora Musika! taldearen Adarbakarra ikuskizuna.
Ekitaldi horietako argazkiak kulturazartxibategidigitala.eus atarian ikus daitezke.