Miñan, Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek azken horren Afrikatik Europarako bide latza jasoz idatzitako liburuak, bidea egiten jarraitzen du.
Lehendik ere lan horren inguruan saio bat baino egindakoa zen Arzallus Azpeitian, eta atzo berriro itzuli zen liburuaz hitz egiteko, baina konpainiarekin. Izan ere, Kulturaz kooperatibaren eskutik, irratirako solasaldia grabatu zuten atzo Soreasu antzokian eta jendaurrean. Arzallusekin batera, Miñan-en oinarritutako antzezlanaren zuzendaria, Ander Lipus, eta liburua ingelesera itzuli zein antzezlanerako moldatu duen Timberlake Wertenbaker iragarri zituzten hasieran, baina haiekin batera aritu zen solasean Miñan antzezlaneko protagonista Sambou Diaby ere. Arantxa Iturbe kazetari eta idazleak gidatu zuen saioan.
Hain zuzen ere, Artedramak Miñan antzezlana estreinatu biharamunean grabatu zuten irratsaioa Soreasun: herenegun eman zuten lehen aldiz Miñan Luhuson (Lapurdi), datorren astean Bilboko Arriagan taularatuko dute (urriaren 24tik 26ra), eta azaroaren 1ean Soreasun bertan, Euskal Antzerki Topaketen barruan.
Atzo, 60 bat lagun elkartu ziren Azpeitiko antzokian Miñan-en gaineko hizketaldia entzuteko.