Arkupehotsak, sortzaile berrien plaza

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba

Kulturaz kultur kooperatibaren Arkupehotsak egitasmoa musika sortzaile berrien plaza izan da beste behin. Kitziki, Karena, Rekiem eta Pertz izan dira zazpigarren edizioko talde protagonistak. Horiek beren abestiak plazaratzeko aukera izan zuten uztailaren 5ean, Sanagustin kulturgunean.

Urtarriletik udara bitartean, Dinamoa sormen gunearen abaroan, taldeek beren proiektuak sortzeko eta garatzeko aukera izan dute. Hain zuzen ere, musika sortzaile berrien plaza izan da aurten Arkupehotsak; Kitziki, Karena, Rekiem eta Pertz taldeak izan dira zazpigarren edizioko protagonistak.

Apirilean, Idoia Asurmendi eta Gartxot musikariek formakuntza artistikoa eskaini zieten taldeei. Besteak beste, sare berriak eraikitzearen garrantziaz eta arrakastaren pertzepzioaren inguruan hausnartu zuten. Jon Badiola soinu teknikariarekin, berriz, kontzertu batean behar diren elementu teknikoen inguruan aritu ziren solasean.

Urte osoan zehar lanean ibili ondoren, taldeei iritsi zitzaien beren abestiak plazaratzeko momentua. Uztailaren 5ean, Sanagustin kulturgunean egindako emanaldi kolektiboan abestiak taularatu eta aurkeztu zituzten. Oholtza gainean musikari profesionalen pare aritu ziren.

Urtero legez, sormen prozesuaren fase guztiak sustatzea izan da egitasmoaren helburua, eta Kulturaz kultur kooperatibak balorazio positiboa eginda borobildu du aurtengo edizioa. Hau hasi besterik ez da egin; taldeek bide luzea dute aurretik. Bizitako esperientzia maila ezberdinetako musikarien zubi lana besterik ez da izan, etorkizunean sortuko dituzten proiektuen hazia. Jarrai dezagun, beraz, musika sortzaileak saretzen.

Hona hemen protagonisten adierazpenekin osatutako Arkupehotsaken laburpen bideoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide