Joan zen larunbatean bukatu zen Gipuzkoako Taldekako Xake Liga. Urtarrilaren 14an hasi zen lehia, eta ordutik, parte hartzaileek 11 larunbat arratsaldetan izan dituzte hitzorduak. Azpeitiko xakelariek osatutako bi taldek parte hartu dute ligan, Domusa-Azpeitia izenpean; horietako bat lehen mailan aritu da, eta bestea, berriz, hirugarrenean.
Lehen mailako taldeak ligaren hasieran jarritako helburua lortu zuen; izan ere, igoera fasera sailkatu zen. Dena den, zapore gazi-gozoarekin bukatu dute lehia taldeko kideek, azken txandetan emaitza kaskarrak lortu eta zortzigarren postuan sailkatu zirelako.
Hirugarren mailako taldea, berriz, xake ikastaroetan aritzen diren eskola umeek osatu dute. Lehen aldiz aritu dira horiek lehian, eta partida ederrak jokatuta, zortzigarren sailkatu da taldea.
Xake bidezko topalekua
Bestalde, joan zen igandean Udaberriko Xake Jaialdia izan zen Azpeitian. Hitzordu horren helburua astelehenetan eta ostegunetan xake ikastaroetara joaten diren gazteek elkar ezagutzea zen, eta arrakastatsua izan zen jaialdia. Izan ere, gazte ugari elkartu ziren eta giro bikaina sortu zen haien artean. Hain zuzen, 29 gaztek parte hartu zuten topaketan, eta erantzun hori ikusita, Azpeitiko xakearen etorkizuna "ona" dela esan du Xaputarrak taldeak.