Gipuzkoako taldekako xakeko ligako bigarren txandako partidak jokatu zituzten larunbatean, 16:00etan hasita. Partidek 90 minutu izan zituzten, eta 30 segundo gehitu zitzaizkien mugimendu bakoitzeko.
Lehen mailakoak zein hirugarrenekoak etxean aritu ziren larunbatean. Lehen mailako Altuna y Uria A taldea Arrasate Arlutz B taldearen aurka aritu zen, eta Azpeitiko taldean Miguel Angel Gomez, Jose Andres Perez eta Eneko Alberdi aritu ziren larunbatean. Patxi Isasmendi izan zen irabazi zuen bakarra eta Jose Andres Perezek berdindu egin zuen; Eneko Alberdik eta Miguel Angel Gomezek, berriz, galdu egin zuten. Datorren larunbatean, Eibarrera joango dira, Eibar A taldearen aurka aritzera.
Hirugarren mailako Altuna y Uria B taldeak, bestalde, Bergararen aurka jokatu zuen, eta azpeitiarren artean izan ziren Alex Monasterio, Jiaming Liu, Aratz Raña eta Caleb Solorzano. Alex Monasterio eta Aratz Raña irabazle suertatu ziren, eta Jiaming Liuk zein Calen Solorzanok ezin izan zituzten partidak aurrera eraman. Datorren astean Zumaiara joango dira KBI Zumaiako C taldearen aurka aritzera.