Gipuzkoako Taldekako Xake Ligaren bosgarren jardunaldiko neurketak jokatu zituzten joan den zapatuan Azpeitiko taldeek. Etxetik kanpo aritu ziren biak, eta emaitza kontrajarriak lortuta itzuli ziren Azpeitira.
Lehen Mailan, Altuna y Uria A taldeak 3-1 galdu zuen Beasainen, hango Alfil klubekoen kontra. Eneko Alberdik eta Jose Andres Perezek lortutako berdinketekin batu zuten neurketako puntu bakarra Azpeitikoek, Patxi Isasmendik eta Miguel Angel Gomezek galdu egin baitzituzten beren partidak.
Eibarren, aldiz, nagusitasun osoarekin irabazi zuen Altuna y Uria B taldeak Hirugarren Mailako jardunaldiko bere neurketa, 0-4; Iñaki Urangak, Julen Azpillagak, Ekain Iriondok eta Kaiet Mujikak ordezkatu zuten Azpeitiko taldea Eibarren.
Datorrena, etxean
Datorren zapatuan etxean lehiatuko dira bi taldeak, ligako seigarren jardunaldiaren barruan.
16:00etan hasita, Legazpiko Santikutzekoen kontra ariko dira Lehen Mailakoak, eta Debako San Rokekoak izango dira Hirugarren Mailakoen aurkariak.