Gipuzkoako Taldekako Xake Liga azken txanpan sartuta, etxean aritu ziren joan den asteburuan Azpeitiko bi taldeak.
Lehen Mailan, jaitsierako play-off-ean murgilduta dabilen Altuna y Uria A-k neurketa garrantzitsua zeukan Villabonaren kontra, eta 2-2 berdinduta bukatu zuten lehia; Eneko Ansoaldek irabazi egin zuen bere partida, Jose Andres Perezek galdu, eta Miguel Angel Gomezek eta Patxi Isasmendik berdinketa bana erdietsi zuten. Emaitza horren ondoren, eta bihar jokatuko duten azken jardunaldiaren atarian, jaitsierako play-off-aren seitik hirugarrena da sailkapenean Azpeitiko taldea, 8,5 punturekin; eta azken jardunaldi horretan, 5 punturekin azken postuan dagoen Hondarribiaren kontra jokatuko du.
Hirugarren Mailan, berriz, joan den zapatuan jokatu zuten Altuna y Uria B taldeko gaztetxoek beren ligako azken jardunaldia. 4-0 irabazi zioten Azpeitikoek Tolosari. A multzoko bosgarren postuan bukatu dute fase erregularra Azpeitiko bigarren taldekoek.