Xakeak gero eta zale gehiago ditu Azpeitian, Sanjuandegiko festetan egin zuten Mantangorri txapelketan erakutsi zuten moduan. Guztira, 52 xakelarik parte hartu zuten maiatzaren 31an, goizez, egin zuten erakustaldian; 14 urtetik beherako 34 lagun eta senior mailako 18 aritu ziren taularen aurrean lehian.
Emozioak, gainera, azken unera arte iraun zuen, batez ere 14 urte azpikoen lehian. Hala erakusten du emaitzak: Luken Pascual irabazleak sei puntu eskuratu zituen, eta soilik puntu erdira (5,5) berdinketa lortu zuten Erik Ruiz, Alex Franco eta Iban Gallastegi jokalariek.
Estua izan zen, halaber, senior kategorian garaipena lortzeko lehia. Egoitz Irure zestoarrak irabazi zuen, sei punturekin Urtzi Lasarekin berdinduta. Haien atzetik, azken horren anaia sailkatu zen, Harri Lasa, bost punturekin.
Sariak Maider Lizasok banatu zituen, Altuna y Uriaren izenean.