Hirugarren Mailako banakako Gipuzkoako Zona-Txapelketako bigarren txanda jokatu zuten larunbatean Azkoitian, eta Alejandro Franco Azpeitiko bizilagunak mendean hartu zuen Alaitz Hidalgo. Garaipen horri esker, sailkapenaren buruan da Franco.
Gipuzkoako Xake Federazioak Anaitasuna Kakute taldearen laguntzarekin antolatzen duen txapelketak Bigarren Mailarako hiru igoera erabakiko ditu, eta Jorge Domingo xakelariarekin batera, Alejandro Franco da gaur gaurkoz lehiaketako liderra.
Azpeitiko taldeko gainontzeko jokalariek bestelako emaitzak lortu zituzten larunbateko txandan. Juan Carlos Fernandezek abantaila argiarekin hasi zuen partida, baina ihes egin zion garaipenak. Alderantzizko jokaldia egin zuen Victor Drahushchak-ek: atzetik zihoan arren, berdinketan amaitu zuen partida. Puntu erdi lortu zuen Julen Azpillagak ere.
Bestalde, Gipuzkoako txapelketako bigarren kategorian, Iñaki Urangak galdu egin zuen Markel Kerexetaren aurka jokatu zuen partida.