Berdinketa hautsi ostean, Ibai Gallastegik irabazi du Gabonetako xake txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Xaputarrak xake kluba 2025eko abenduaren 28a

Gabonetako xake txapelketan parte hartu zuten jokalariak, Azpeitiko Oilo Soro elkartearen aurrean.

Ibai Gallastegik irabazi zuen zapatuan Azpeitiko Oilo Soro elkartean jokatu zuten xake txapelketa. Atzetik sailkatu ziren Julen Azpillaga eta Luken Pascual.

Hamalau urte azpiko xake jokalariek Gabonetako txapelketa jokatu zuten atzo, larunbata, Azpeitiko Oilo Soro elkartean. 26 xakelarik parte hartu zuten torneoan, eta paretsu aritu ziren guztiak ere: lehenengo zortzi klasifikatuen artean, soilik puntu bateko desberdintasuna izan zen.

Are, horietako hiruk 5 puntu lortuta berdindu zuten, eta berdinketa hausteko partidak jokatu behar izan zituzten podiumaren hurrenkera argitzeko. Azkenerako, Ibai Gallastegik irabazi zuen txapelketa, Julen Azpillagak bigarren egin zuen eta Luken Pascualek hirugarren.

Bestalde, Alex Franco Azpeitiko xake jokalaria emaitza onak lortzen ari da Villablancako (Huesca) txapelketan. Bi jardunaldien faltan, klasifikazioaren erdialdean kokatzea lortu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide