Azpeitiko xakelariek bide onetik jarraitzen dute Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Joan den asteburuan, berdinketa bat eta garaipen bat lortu dituzte, hurrenez hurren, lehen eta hirugarren mailan.
Etxetik kanpo eta lehen mailako liderraren etxean, Elgoibarren, lan bikaina eginda lortu zuen berdintzea (2-2) Altuna y Uria taldeak. Eneko Alberdiren eta Andres Perezen artean batu zuten puntu bat, bien neurketak berdinketarekin amaitu baitziren. Egon zen alde pixka bat bataren eta bestearen artean: Alberdiren partida oso azkar bukatu zen, baina Perezenak lau ordu iraun zituen. Azpeitikoen bigarren puntua Janitz Sorazuk eskuratu zuen; aurkari indartsu baten kontra, lan ederra egin eta irabaztea lortu zuen azpeitiarrak. Alejandro Monasteriok, aldiz, galdu egin zuen bere partida, ia azkenera arte abantailarekin ibili arren.
Hirugarren mailan, nagusitasunez hartu zuten mendean Zarauzko taldea Domusa Teknikeko gazteek etxean (3-1). Julen Azpillagak azkenera arte borrokatuta, eta Victorrek eta Alex Francok errazago, batu zituzten Azpeitikoentzako puntuak; Mattin ondo hasi zen, baina ezin izan zion bukaera arte eutsi eta galdu egin zuen.