Alex Franco Xaputarrak xake taldeko jokalariak haurren mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuen atzo, eta txapeldunorde izendatu zuten. Astigarragan (Gipuzkoa) jokatu zuten txapelketa, eta Francok zazpi partida jokatu zituen. Azpeitiarrak, guztira, bost puntu batu zituen, lau partida irabazi, bi berdindu eta bat galduta. Oier Gonzalezek irabazi zuen lehia, 6,5 punturekin; hain justu, Gonzalezen aurka bakarrik galdu zuen azpeitiarrak atzo lehia hori.
Gipuzkoako taldekako liga ere ona izan da Xaputarrak xake klubarentzat. Gipuzkoako Lehen Mailako Altuna y Uria taldeak 3,5-1,5 emaitzarekin hartu zuen mendean atzo Bidasoa taldea, eta garaipen horri esker bi puntu eskasera du orain mailari eustea. Miguel Gomezek eta Janitz Sorazuk puntu bana eskuratu zuten beraien taulan; Eneko Alberdik berdindu egin zuen; eta Andres Perezek galdu. Datorren asteburuan, Errenterian (Gipuzkoa) jokatuko du Lehen Mailako taldeak Luzaro Orereta taldekoen aurka, eta han lortutako emaitzak ebatziko du talde horren denboraldia. Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, 4-0 irabazi zuen; Alexek, Victorrek, Janitzek eta Juan Carlosek lortu zituzten Xaputarrak taldekoen garaipenak.