Aste Santuko oporrak pasatu dira eta denboraldiak aurrera darrai Xaputarrak xake taldearentzat. Baina pasatutako egun horietan ere Azpeitiko klubeko jokalari batzuek xakean jarraitu dute, herritik kanpo.
Donostiako Xake Irekia jokatu zuten martxoaren 28tik apirilaren 4ra eta han aritu zen Alex Franco, eta emaitza onarekin: jokatutako bederatzi puntuetatik hiru eta erdi lortu zituen azpeitiar gazteak. Maila handiko lehia izan zen, absolutu mailako xakelarien artekoa, eta parte hartzaileen artean Nazioarteko Maisuak zein Nazioarteko Maisu Handiak ere izan ziren. Txalotzekoa, Alex Francoren emaitza.
Euskal Herriko etorkizunekoen jaialdian ere aritu zen Franco. Puntuaketa oso ona lortu zuen, lau puntu eta erdi zazpitik, hain zuzen. Lehen hamarren artean sailkatu zen Xaputarrak taldekoa; eta taldeka bigarren, Gipuzkoarekin –Araba, Bizkaia eta Nafarroa ere lehiatu ziren jaialdian–.
Amets Agirre, berriz Beraungo xake jaialdian aritu zen (Errenteria, Gipuzkoa) martxoaren 28an. 14 urte azpikoentzako partida azkarren lehiaketa horretan, lan bikaina egin zuen 8 urteko xakelari azpeitiarrak.
Ikusten denez, Xaputarrak taldeko gazteak oso gogor datoz.
Amets Agirre, taularen aurrean. (Xaputarrak)