Victor Drahushchak eta Alex Franco xakelariek mailaz igotzea lortu dute

Erabiltzailearen aurpegia Xaputarrak xake kluba

Gipuzkoako Hirugarren Mailako Xake Txapelketaren podiumeko xakelariak, Gipuzkoako Xake Federazioko lehendakaria eta Patxi Isasmendi Xaputarrak taldeko lehendakaria. (Xaputarrak taldea)

Gipuzkoako Hirugarren Mailako Banakako Xake Txapelketaren podiuma eginda, Bigarren Mailan jokatzeko aukera izango dute Xaputarrak taldeko bi xakelariek. Hirugarren Mailako txapelketaren azken jardunaldia, zazpigarrena, joan den larunbatean Azpeitian jokatu zuten.

Victor Drahushchak xakelari azpeitiarrak irabazi du Gipuzkoako Hirugarren Mailako Xake Txapelketa, eta haren atzetik bigarren gelditu da Alex Franco herrikidea. Hala, Xaputarrak taldeko bi xakelariek Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzeko txartela lortu dute.

Joan den larunbatean, azaroaren 21ean, Azpeitian jokatu zuten Gipuzkoako Hirugarren Mailako Xake Txapelketaren zazpigarren eta azken jardunaldia. Hamasei xakelarik parte hartu zuten; horietatik bost Xaputarrak taldekoak izan ziren. Azpeitiko Xaputarrak xake taldeko jokalariak ondo aritu ziren, eta Eneko Oregi laugarren sailkatu zen. Xaputarrak taldea pozik dago, xakelari gazteak "oso gogor" ari direlako eta "harrobi polita" osatzen ari delako.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide