Herritar batek anbulatorioan izandako bizipenaren berri eman dio Zaparraieri, euskara elkarteak azkena osasun etxearen egoeraren harira argitaratutako salaketa dela-eta. Herritarraren arabera, alabarekin proba batzuk egitera joan ziren pediatrarenera, eta proba horiek euskaraz egiteko aukera izan zuten, bai pediatrarekin, baita erizainarekin ere. Dena den, honako hau adierazi du berak: "Gelatik kanpo, eserlekuetan itxaroteko eskatu zigun, eta zer disgustoa euskaraz bazekien beste erizain gazte bat hurbildu zenean... biak elkarrekin gaztelaniaz hitz egiten aritu ziren denbora luzez, hamar bat minutu pasatuko zituzten gu pediatraren zain geunden bitartean".
Egoera horren aurrean, alaba harrituta gelditu zela kontatu du herritarrak: "Ama, hor kartelean Haurrak euskaraz bai sano ipintzen du, eta gero zergatik ari dira bi erizainak gaztelaniaz?". Herritarrak adierazi du "deserosoa" egin zitzaiola egoera: "Gogoa ematen zuen ozen esateko: Euskaraz bai sano!".
Herritar honen arabera, etxeetan eta ikastetxeetan ahaleginak egiten dabiltza haurrek euskaraz egin dezaten, eta halakoetan, "amorrua, pena eta frustrazioa" sentitzen dira. "Osasun arloko langileek ere eredu izan behar dute, eta are gehiago haur eta gazteeen aurrean!", esan du.
Oharra: herritarrok zerbait ikusten baduzue salatzeko, txalotzeko eta arreta deitzeko modukoa, bidali testu labur bat eta argazkia zaparraie@gmail.com helbidera edo gure sare sozialetara (Instagram / X / Facebook / Telegram), eta argitaratuko dugu, zuen izenik jarri gabe.