'Herriko tabernen' auzia "espekulazioetan" oinarrituta dagoela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2013ko uzt. 9a, 14:46

Herriko tabernen auzia "espekulazioetan" oinarrituta dagoela salatu, eta manifestu bat plazaratu dute hainbat sektoretako euskal herritarrek gaur, asteartea, eta dei egin dute agiriari atxikimendua adierazi eta auziaren kontra protesta egitera.

Adierazpenaren bidez, salatu dute 35/02 auzia Espainiako Poliziaren "espekulazioetan" oinarritzen dela, horiek frogatzat hartuta. Gainera, oroitarazi dute jarduteko era hori izan zutela 18/98 sumarioan eta Udalbiltzaren eta Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzietan ere.

Adierazi dutenez, herriko tabernen auziak "hasieratik irregulartasunak" ditu, eta "etsaiaren zigor zuzenbidea" ezarri nahi zaie auzipetuei. Hori "herrialde demokratikoetan onartezina" dela ohartarazi dute, eta erantsi "epaiketa politiko berri bat" dela.

Manifestuaren sinatzaileen artean daude Pedro Ibarra irakaslea, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Felix Cañada abokatua, eta Txema Montero irakaslea, Xabier Ezeizabarrena EAJko Gipuzkoako batzarkidea, Maialen Iriarte kazetaria eta Ramon Zallo EHUko irakaslea.

 

Urriaren 17an izango da herriko tabernen auziaren lehenengo saioa. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide