Proba iristeko bost egunen faltan, mila laguneko langa pasatu du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko izen-emateak. Mende laurdena beteko du aurten lasterketak, eta 2014az geroztik aurtengo edizioa da izen emate kopuru handiena izan duena. VI. lasterketa motza ere jokatuko da datorren larunbatean, eta dagoeko 240 bat lagunek eman dute proba horretarako izena.
Bi lasterketetarako izen emateak martxan daude oraindik, Interneten kirolprobak.com atarian, Azkoitiko Plaza Berri Sporten, Azpeitiko Fullgasen eta Euskadi Sporten zein Donostiako Robers dendetan. Hilaren 22an itxiko dira berez izen emateak, baina baliteke lehenago ere bukatzea, "ondo baitoa izen ematea". Halere, probaren antolatzaileek maratoi erdirako beste ehun dortsal jarri dituzte eskuragarri.