Fronte Popular Berriak (NFP) irabazi ditu Frantziako Asanblearako hauteskundeak, eta eskuin muturrari aurre egiteko osatutako ezkerreko koalizio bera izan da bozkatuena Hazparnen ere, Azpeitiarekin senidetuta dagoen Lapurdiko herrian.
Hauteskundeen bi itzulietan nagusitu da NFP Hazparnen. Lehen itzulian, alde txikiagoa atera zioen ezkerreko koalizioak bigarrenari, Marine Le Penen Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiari (RN): 1.181 boto (%31,5) lortu zituen NFPk ekainaren 30eko bozetan, eta 1.062 (%28,3) RN-k. Herenegun, bigarren itzulian, lehen itzuliko bi bozkatuenek are boto gehiago lortu zituzten Hazparnen, baina ezkerrekoen igoera askoz nabarmenagoa izan zen: 1.657 boto lortu ditu bigarren itzulian NFP-k (%43,38) Azpeitiarekin senidetutako herrian, eta 1.232 (%32,25) Le Penen alderdiak. Eutsi izan da Hazparnen bigarren itzulian hautagaitza aurkeztu duen hirugarren alderdia eta 931 boto jaso ditu (%24,37).
Pirinio Atlantikoetako 4. hautesbarrutian kokatzen da Hazparne, eta 2022an bezala, Azpeitiko jatorria duen Iñaki Etxaniz sozialistak loru du barruti horretako ordezkaritza Frantziako Asanblean, oraingoan NFP-ren barruan aurkeztuta.