Iazko apirilean kaleratu zuen Irunberri, 1990: Arroilaren negarra (Erein argitaletxea) liburua Pako Aristi idazleak. 1990eko ekainaren 25ean Irunberriko arroilan (Nafarroa) izandako gertakariak ditu oinarrian kazetaritza eta literatura uztartzen dituen lan horrek. Susana Arregi eta Jon Lizarralde ETAko kideen heriotzaren inguruan Espainiako Gobernuak emandako bertsio ofiziala gezurtatu zuen Aristik liburuan, eta baita bertsio alternatibo bat eraiki ere.
Orain, liburu hori gaztelaniara itzuli du eta gaur aurkeztu du Lumbier, 1990: El llanto de la foz lana Donostiako Santa Teresa komentuan. Aristik ondoan izan ditu, Txemi Gorostiza abokatua, Jone Arrazola Gure Bazterrak fundaziokoa eta Jose Agustin Iturri Erein argitaletxekoa.