Palestinarren aurkako genozidioa salatzeko kontzentrazioa deitu du Elkar-ekinek ostiralerako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2024ko uzt. 2a, 09:48

40.000 inguru dira azken zortzi hilabeteetan Israelek hil dituen palestinarrak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, horietako 15.500 haurrak dira. Genozidioa salatzearekin batera, herrian agertu diren mezu xenofoboak ere gaitzetsiko dituzte ostiraleko ekintzaren bidez.

Egunak, asteak eta hilabeteak aurrera doaz, baina Israel Palestinan egiten ari den genozidioak ez du etenik. Su-eten hotsak edo laguntza humanitarioa sartzeko “bonbardaketen geldialdi teknikoak” aipatu izan badira, estatu sionistak berean jarraitzen du: Palestina okupatzen eta bertako herritarrak hiltzen, alegia. Are gehiago, laguntza humanitarioko kamioiak beraien operatibo militarrak egiteko erabiltzen ari da Israel, orain egun gutxi jakin dugunez. Bitartean, gosea hedatzen ari da gazatarren artean, eta dozenaka zenbatu daitezke jada gosez hil diren herritarrak.

Elkar-ekinek Palestinaren askatasunaren aldeko mezua zabaltzen jarraitu nahi du gure herrian. Horrekin batera, asteburuan herrian agertu diren mezu xenofoboak era salatuko ditugu ekintza honen bidez. Horregatik, aldizka egiten ari garen moduan, ostiral honetarako ere elkarretaratzea deitu dugu Sanjuandegiko biribilgunean. 18:30etik 19:00etara, han izango gara. Palestinari elkartasuna erakusteko eta Israelen aurkako boikota eskatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide