Lardaxka sexualitate, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua herriratzeko eta zabaltzeko asmoz, eta aholkularitzan ohikoak diren gaiak ardatz hartuta, sei bideo labur egin ditu Azpeitiko Udaleko Parekidetasun sailak. Gaur zabaldu dute hirugarrena.
Aurreko bideoan norbere buruarekin plazera lortzearen inguruan hitz egin ostean, oraingoan harremanak eta horiek eraikitzeko zein deseraikitzeko moduak izan dituzte hizpide Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktoreek.
Datozen asteetan ere hainbat bideo labur kaleratuko ditu Parekidetasun sailak, Lardaxka zerbitzua ezagutarazteko eta sexualitatearen inguruko tabuak hausten laguntzeko. Hain zuzen, aholkularitzan ohikoak diren gaiak modu umoretsuan eta hezitzailean landuko dituzte ikus-entzunezkoetan.
Lardaxka zerbitzua herritar orori irekita dago, eta bi astez behin, astearteetan, eskaintzen dute, goizez zein arratsaldez. Hitzordua hartu nahi duenak 688 75 10 00 zenbakira Whatsapp mezua idatz dezake edota 943-15 70 55 telefono zenbakira deitu.