Gazteen aurkako erasorik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2017ko urr. 30a, 19:13

2017ko martxoaren 11n Iruñean egin zen errepresioaren aurkako manifestazioaren ondoren 4 gazte oreretar atxilotuak izan ziren. Ordutik, lau gazte horietako hiruk espetxean jarraitzen dute epaiketaren zain eta laugarrena, adin txikikoa, aske utzi zuten.

Lau gazte horien aurkako errepresio bortitzaz gain, jakin berri dugu Auzitegi Nazionalak beste 17 gazteren aurkako operazio polizial eta judiziala zabaldu duela, martxoaren 11ko manifestazioaren gertakarien harira. Beraz, guztira 21 gazteren aurkako operazio bat da, zeinak "terrorismoaz" akusatzen dituzten, horrek dakarren guztiarekin. Gaur goizean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gazteek eta ez da kartzela eskaerarik egon, fiskala ez baita joan.

Gazte horien aurkako errepresioa ezin dugu modu bakartuan ulertu; aitzitik, Estatuaren funtzionamendu berezkoa da errepresioa. Are gutxiago Euskal Herrian, non salbuespen egoerak bere horretan dirauen. Estatuak, zeina klase menperatzailearen tresna nagusia den, ordena soziala mantentzeko, kapitalaren interes eta behar estrukturalei erantzuten die. Marko horretan azaltzen da errepresioaren berezko izaera.

Beraz, gazteria kontzientziatu eta antolatuaren aurkako errepresioa eta abisua bezala ulertzen dugu operazio hau. Errepresioak zuzenean zanpatzen dituenaz gain, beldurrez zabaltzea ere bilatzen baitu, borroka eteteko asmoz. Estatuaren estrategia errepresiboaren aurrean elkartasuna, antolakuntza eta konpromisoz erantzutea da eraginkorrena, eragin nahi duten beldur eta etsipen egoera iraultzeko.

Hau esanda, gure elkartasun guztia adierazi nahi diegu atxilotu eta auziperatu guztiei.

Ez zaudete bakarrik!

Errepresioaren aurrean antolakuntza eta borroka!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide